Hedoi Etxarte

Santa Zezilia

2025eko azaroaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bost urtetatik eta haurtzarotik musika ikasketak bete arte, egun inportantea izaten zen gaurkoa, Santa Zezilia Erromakoa: kontzertuak jotzen genituen musikarien patroi kristauaren egunean. Berez, sarritan herriko jaiekin gertatzen den bezala, azaroaren 22koa ez da logistikoki egun apropos bat musikaren lehenengo ikasturteetan ari direnentzat: duela hilabete hasi dira eskolak. Baina, azkenaldian, zenbait progresista ere hasi dira berriro gizakiaren logika jainkoarenaren azpitik jartzea planteatzen; beraz, nik zeharo ironikoki, pentsatu dut zer esango ote diogun jainkoaren graziari gizakion logikatik.

Kontua da santuekin gertatu ohi zaidana gertatu zaidala, berez, inportantea izan den egun honi izena eta data ematen dion santu honekin. Ben Yartek badu ahapaldi memorable bat, haren ikaskideez hitz egitean, gazteleraz dioena: «Haien bi abizenak dakizkit baina ez nituen inoiz ezagutu». Santa Zeziliarekin berdin gertatzen zait niri eta joan naiz Wikipediara berrogeita hamar urte betetzera iritsi ez zen eta II. eta III. mendeen artean bizi izan zen noble erromatarraz jakin nahian. Euskarazko edizioko artikuluan, zorionez, nabarmen geratzen da fantasia handiko kondaira bat dela Zeziliaren bizitza eta, beraz, kristautasunaren zabaltzearekin izan zuen militantziarena. Baina, are gehiago, «ez dago inongo testigantza historikorik Zezilia instrumentu musikal batekin erlazionatzen duenik». Antza, XVIII. mendeko asmakeria bat da Erromako Zezilia hura musikarekin lotzearena. Hortik aurrera hasiko ziren haren omenezko pieza batzuk egiten konpositore batzuk. Bitxia da artikuluan jasotzen direlako Santa Zeziliari dedikatutako piezen egileetako ez gutxi XX. mendekoak direla: betidanik mendien puntan egon direla pentsarazi nahi izan diguten XX. mendeko gurutze faxista ala XIX. mendearen amaieran jarritako ikur erreakzionarioak bezala.

Ez ote den musika ere kristautasunaren okerrenetik askatzen asteko eguna gaurkoa, meritu musikalik gabeko santuak gurtzeari uztekoa behintzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.