Urtarrilaren bata, eta kuluxka luzearen ostean scroll amaigabe bat egiten ari nintzen, hatzak aurrera egin ahala denbora ere bazihoan, eta denborarekin erru sentimendua. Halako batean France Cultureren kontuak Benoît Heilbrunn-en segundo batzuetako bideo laburra jarri zidan arte. Heilbrunn ESCP Business School-eko marketin irakaslea omen da, eta hala zioen bideoak: «Erdi Aroko pertsona batek bizitza osoan 200 bat objekturekin egiten omen zuen topo. Gaur egun 20.000 objekturekin egiten dugu topo egun bakarrean eta, antza denez, 10.000 objekturen jabe omen gara bizitzan». Heilbrunnen arabera, XVII. mendetik aurrera eraikitako kontsumo gizartean hasi zen joera hori, Luis XIV.aren inguruan moda asmatu zenean, eskaeraren azelerazioa sortu zenean. Baina, antza, gure kontsumitzeko modua erromantizismoari dago lotua: etengabe berritasuna bilatzeko beharrarekin du zerikusia, estimulazio etengabekoarekin. Oso segundo gutxian, bideoa Erdi Arotik erromantizismora eta hortik gaur egungo kapitalismora joan zen, esateko planeta suntsitzen ari garela eta horrek aporia sortzen duela.
GIF bat bezala, zimino batek bezala, lauzpabost alditan jarri nuen bideoa. Gero pentsatu nuen, ziurrenik, aski kamixeta eta alkandora dauzkadala egunean bat jarrita ez errepikatzeko urte erdiz. Baina erru hori gerritik beherako arroparekin lasaitu zitzaidan, apenas dauzkadan hiru praka txukun neguan janzteko eta lau oinetako pare. Gero pentsatu nuen gabonetan ingurukoei egindako eta neure buruari egindako oparietan eta, aurten behintzat, kontzientzia lasai nuen. Baina, bereziki, garbi geratu zitzaidan aski dela errua eta liberazioa norberak bakarrik egiten duenari lotzea, jainkorik gabeko kalbinismo honek erruz hilko gaituela irtenbide globalak eta partekatuak pentsatzen ez baditugu.
Scroll egiten jarraitu nuen gero, Kilikiren abestian bezala, gaztetan telebista ikusten ordu bat galtzean sentitzen zen erruak laukoitza balio duen sentsazioarekin, bakarka egiten bada telefonoan.