Halako batean, aspaldi aldamenean nuen intuizio bati, insatisfazio handi bati, hitzak jarri dizkion bilduma bat iritsi da nire ohera. Berriki gaztelerara ekarri dute Histoire des sensibilités. Helduleku desberdinak dauzkaten egileen txatalekin osatutako liburu labur bat da, baina, funtsean, osoko zuzenketa bat proposatzen dio gurean historia idazteko gailendu den molde nagusiari: «Luzaroan historialariek uko egin diote plazera ulertzeari, molde guztietako sexu praktikei eta, ordea, nahiago izan dute ezinegonaz aritu, minaz eta sufrimendu molde guztiez. Euren errespetagarritasuna jokoan egongo balitz bezala zen. Nire aldetik, oso hasieratik borrokatu naiz minarekiko lilura izan duten historialarien joeraren kontra» (Alain Corbin).
Auzia ez da soilik minari tokia eman ote zaion, sakrifizioari eta, trukean, pozari tokirik ez zaiola eman. Zizeronen maxima bat aipatzen omen zuen sarritan bere eskoletan Corbinek: «Ez dago historialariari ukatzen zaion ezer». Eta ildo horretan, «emozio sendoak sortzen dituzten» zantzu guztiak jarraitu behar dira, «gorputz hedonistaren, festazalearen, estasizkoaren, deabrutuaren, torturatuaren ala krudelarenak...» (Hervé Mazurel).
«Mundua aurrez aurre, gizakia ez da inoiz begi bat, belarri bat, esku bat, aho bat ala sudur bat, baizik eta begirada bat, entzumena, ukimena, dastamena ala usaimena, alegia, ekintza bat» (David Le Breton). «Alegia, eta niri axola zaidan historian, jende xehearenean, proletarioarenean, migranteenean, sexu disidenteenean, kontua ez da beste garai bat hausnartzea baizik eta garai hark guregan durundi egitea» (H.M.).
Gupidagabea da Corbin: «Sumintzen nau [historialariok] gaur egun idaztera tematzen garen manerak, lezioak emateko eta epaitzen jarduten duen historia inposatzen dugu. Historia denboran bidaiatzearen plazerean datza. Historialariak, oroz gain, bere mundua ikusteko manera kuestionatu behar du, baita bere kontzepzio etikoak, haiengandik erauzi eta ekidin historia epaitegi eskandalizatzaile bat izan dadila. Geure arma eta tresnekin iraganera joatea ez da inondik ere interesgarria, zeren historiaren plazera suntsitzen baitu».