Diogenesen sindromeak jota daudenek ez dakit zer duten batzearen xede. Ez dakit enperadore biluziaren antzera sentitzen ote diren biltzen duten hori dena gabe. Ez dakit bakardadea labaintzeko balio ote dien gauza ororen batzantzeak. Diogenesetik urrun izan arren nik ere badut oso ulergaitza zaidan joera bat: dena gordetzea. Nire xedeak badaezpada abizena du; alegia, momentuan erabilpenik ikusten ez badiot ere, beti pentsatu ohi dut agian existitzen ez den etorkizuneko uneren batean beharko dudala. Eta gorde egiten dut. Arropa, zapatak, tramankuluak, egunkari artikuluak, papereko taberna-zatiak, bisitatutako hirietako txartelak...
Materialtasun-atxiki horretan dena izan liteke garrantzitsu, hortaz, dena da batugai. Horrek, baina, buelta izan ohi du. Muturretik muturrera. Bai, izenik ez duen nire sindromeak iraungitze data du. Ez du data jakinik, goiz batean ohetik jaiki eta sindromeak jota dena botatzen hasten naiz. Joan den astegoiena herstura-unea izan zen. Ez nintzen bereziki txarto iratzarri, baina aurkitzen ez nuen zerbaiten bila hasi, eta garbiketa egiten amaitu nuen. Interesgarria da, oso, ni izan nintzen hura begiratzea dagoeneko oraina den orduko etorkizunetik. Batzerako izan nituen zioak hutsaren hurrengo bilakatzen dira, ulergaitz. Zeharo inportanteak izan ziren horiek dagoeneko zaborrontzian daude. Papera, paperean; plastikoa, plastikoan, eta beira, beiratokian. Gauza gutxi salbatu da. Bizkaierazko joskera eta ikastola garaiko aditza bizkaieraz txostenak. Bai, sindromeak inkongruentziak ere baditu, izan; batutako zenbait gauzari eutsi egiten diet eta. Beharbada egunen batean beharko ditut txosten horiek biak, eta apalean utzi ditut. Badut beste txosten bat: euskalki desberdinetan esanahi bera duten zenbait hitz. Hori ere apaleratu dut. Eta HABEk kaleratu zuen Maggie, indazu kamamila! ipuina. Hori gutizia da, Sarrionandia ezagutu bainuen Maggie-ri esker. Beste dena historia da.

LARREPETIT
Sindrome ezezagunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu