Goizalde Landabaso

Sinekdoke

2025eko maiatzaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Kataluniako hedabide batean irakurri dut Bartzelonako jatetxe baten atarian nazionalitate frantsesa zuten emakume batzuek argazkia atera ziezaien eskatu ziotela han zegoen gazte bati. Gaztea Barça taldeko Lamine Yamal futbol jokalaria zen. Ez duzu zertan jakin nor ote den; futbol jokalari ezagun bat da. Harritu nau albisteak zekarren lerroburuak: «Turista talde batek Lamine Yamali argazkia ateratzeko eskatu dio nor zen jakin gabe». Nik, daitort, gure futbol taldeetako edozeini eska niezaioke argazkia ateratzeko nor den jakin barik. Familia kontua ei da. Badut lehengusina bat Parisetik Bilbora etorri behar zuena familiako ospakizun garrantzitsu batera. Hegaldia galdu zuen, eta aireportuko saltokian, desesperazio gorrienean, gizon bat hurbildu zitzaion laguntza ematera. Lehengusinak azaldu zion hegaldia ordaintzeko dirurik ez zuela eta gurasoei ez ziela deitu nahi. Gizonak bere txartela atera eta hegaldia ordaindu zion. Lehengusinak datuak eskatu zizkion dirua itzultzeko, eta Bilbon jakin zuen (familiako beste batek esana) hegaldia ordaindu ziona Paris Saint Germain-eko futbol jokalari ospetsu bat izan zela. 

Pentsatu ohi dugu, maiz, guk bizi duguna, sentitzen duguna, gustatzen zaiguna orokorra dela; bat eta bakarra denontzat. Horrela ez denean, txundituta gu. Lagun batek esan dit lerroburu horretan gizakiak jainkotzeko dugun joera ulertezina dagoela. Heroiak behar ditugu, besterik ez bada, suntsitzeko. Mugarritu egiten ditugu munduen aniztasunak. Kutxa sailkatuetan sartzen dugu munduko pertsona oro, erraztasun horrek ozeanoaren handitasunak baino ezinegon gutxiago eragiten digulako. Sinpletasun existentziala eramangarriagoa da; baita aspergarriagoa ere.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.