Madagaskarrekoa da nire frantses irakaslea. Neure frantsesak lardaskatua jarraitzen du, baina Madagaskarren gainean asko ikasten ari naiz. Lehengoan Haryk kontatu zidan Euskal Herrian ikasi zuela igeri egiten. Madagaskar uhartea da, baina bera bizi zen inguruetan itsasoa urrun zegoen, lakuak, berriz, inguruan. Lakuetan, baina, ezin dira bainatu sorginduta daudelako. Fady da. Alegia, galazota dagoela aintziretako uretan sartzea. Sartuz gero gauza oso txarrak gerta dakizkizuke, eta ondorioz, ez dute ikasi igeri egiten. Neure begirada europar kaletarretik esan nion igeri egiten ez badakizu eta lakuan sartzen bazara, baietz, zerbait oso txarra pasa daitekeela. Madagaskar uhartean bizi den bere amak lehenengoz itsasoa Gorlizen ikusi zuela kontatu zidan, eta txundituta geratu zela. Zer sineskeria ote dagoen pentsatuko zuen itsasoari begira? Beharbada, berton, horrelako sineskeriarik ez dagoenez, nik umetan ikasi nuen igeri egiten.
Haryk kontatu zidana etorri zait gogora Ghanako Akua Denteh emakumearen heriotza jakin dudanean. 2020ko arratsalde batean herrixkako bizilagun zenbait joan zitzaizkion etxera, sorgina zela eta, bere bila. Zeinab alabak kontatu zuen Espainiako hedabide batean, ama eraman zutela eta makila eta sokekin izugarrizko jipoia jaso zuela. Herrixkako agureekin hitz egin bazuten ere, Akua Denteh-ren bila itzuli ziren, eta ia hilik utzi arte jo zuten. Heriotza atoan heldu zen. Akua Denteh bezala hamaika emakume sorgintzat hartu eta, onenean, bazterrean uzten dituzte, gizartetik at. Eta guk, bien bitartean, oraindik ere, Pierre de Lancre-ren kontuak iraganekoak direla ikasten dugu (ikasten dugunean, hori bai).