Lagunari hala esan diozu, «Snake horretan bezala da», aspalditxo, nerabe garaian ibiltzen zenituzten Nokia zahar horietako jolasari erreferentzia eginez. Harrituta, aurpegiko keinuarekin eskatu dizu esaten saiatzen ari zarena azaltzeko. «Ustez libre zara —segitu duzu zuk orduan—, mugi zaitezke gora eta behera, ezker eta eskuin, baina lau paretak mugatzen dizute espazioa. Arau bat dago, zurruna, ze joko-zelaitan mugitu zaitezkeen esaten dizuna». Buruarekin baietz esaten ikusi duzu bera. Ezagutzen zaitu, eta badaki nondik zoazen: «Bizitzan bezala dela, hori da esan nahi duzuna. Libre bai, baina normatibitate batek mugatuta bizi garela». «Hori da», esaten diozu, eta bueltatzen zara Snake-aren irudira: «Komeni da beraz marko horretatik ateratzen ez saiatzea, paretara hurbiltze hutsa arrisku handiegia hartzea da. Baina geldi ere ezin zara geratu, bizitzak harrapatu zaitzan ez baduzu nahi behintzat. Aurrera egitea besterik ez duzu beraz, zure gorputzak uzten dizkizun zirrikituetatik aurrera, ihesean aurrera». Irribarre egin du lagunak, eta batu da konparaketaren jolasera: «Eta gainera, gero eta luzeagoa da sugea». «Bai —diozu zuk—, bizitzan pilatutakoak gorputzera eransten zoaz, sedimentuz egindako norbait zara, gero eta luzeagoa da motxila, eta sigi-saga egin behar duzu ahal den tokira, metatuz sortu duzun gorputz horrek jan ez zaitzan. Ez zaitzaten jan bizitzaren mamuek». «Bestela...» hasi da bera, baina moztu diozu: «Bestela zerotik hasi beharko duzu berriz».
Isilik, eta irribarrez, mugikorreko sugearen irudia buruan bueltaka segitu duzue hainbat segundotan. Freskatu du, atzean geratzen doa azken egunetako bero itogarria. Txaranga baten hotsak entzun dituzue, aldameneko lokalean entseatzen. Seinale bat da, bertan dira sanferminak. Gaia aldatu duzue orduan, konplizitatez, elkarri esango bazeniote bezala: segituko dugu gerora ere, festen ondoren, norbere ihesi kalkulatu eta ahal den neurrian aukeratuan. Elkarri esango bazeniote bezala: orain pareta zeharkatzeko garaia da.