Ez dakit zergatik ez diguten argi esaten; soberan zaudete. Esperanza Aguirrek Madrilen keinuak egiten ditu ohar gaitezen; eskuin halakotzat onartua ez da ez onartua bezain mizkina izaten kontu horietarako. Madrileko presidenteak bikaintasunezko batxilergoa sortu du, zortzitik gorako nota dutenentzat; eskola publikora joan eta zergatik batek merezi behar luke hezkuntza hobea?Zortzitik gora ateratzen duelako, kualifikazio beharraren garaian institutu publikoan dagoen bat soberan ez egoteko aukeratzat.
Demografia kontua da, mundu mekanizatuan, erdi aroan bezala, ez dagoelako ez lekurik, ez jatekorik denentzat sortzeko ahalmenik; bale sinesten dugu (?), esan orduan, sistema honetan leku hau ez da zuentzat, eta seinalatzeko zalantzaren bat badute zehazki nor bidali behar den Afrikara edo, behar gaituztenean en origen kontrata gaitzaten, galdetu enpresariei, hurbildu enpresara, hurbil gaitezen denok, ez bakarrik unibertsitatea, edo bai, enpresak behar dituen kualifikazioak argitze aldera. Sistemak eskatzen du, dena eskatzen duen zera horrek. Talentuen ihes egin beharra tragikoa da; zientzialari gizajoen dramak kontatzen dizkigute, Ingalaterrara joan behar izan dutelako errespetatuak sentitzeko, eta ez 16 urterekin kualifikatzeari utzi eta dirua barra-barra irabazi duten 16 urteko horietakoak balira bezala tratatuak.
Batzuek behar gaituzte oraindik hala ere, kualifikatu gabeak, ez baitute den-dena robotizatzerik lortu, desatsegina; kontu desatseginetarako ez dago teknologiarik, adibidez jubilatu bezperan gizon bat kable eta xafla artean hil ez dadin (kualifika zedila). Hori argitu nahi dute hiritar aktiboak behar dituztela diotenean; ez dugu zuen diru publikotik zure beharrik aseko lan horiek egin nahi izateko bezain pertsona aktiboa ez bazara.
Laster proba fisiko, jarrerazko eta intelektualak ezarriko dizkiegu umeei, ahal bezain azkar jakiteko lan-esku ez kualifikatuak bizi behar duen norabait bidali behar diren, bestela honek Afrikaren itxura hartuko du.
Larrepetit
Soberan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu