Asteazkenean, gutxieneko soldata propioaren aldeko manifestazioa egin zuten Bilbon sindikatu abertzaleek. Indarra hartzen ari da gure herrian soldata minimo malguaren aldeko jarrera, injustua izan litekeelako soldata minimoa jasotzen duten herritar guztiek diru kopuru bera jasotzea, bizitzearen prezioa kontuan izan gabe. Horixe bera gertatzen da estatu handi bateko enpresa publikoen langileekin —posta zerbitzua, garraioa…—, hau da, maila bera daukaten langileek soldata bera jasotzen dute hiri garesti batean bizi edo herri txiki batean bizi. Iritsiko zaie langile horiei soldata malgua eskatzeko garaia.
Oso bidezkoa ematen du soldata minimo malguaren eskaerak. Hego Euskal Herrian jasotzen den soldata minimoa Espainiako Parlamentuak ezartzen du, estatua batzen duten tresnetako bat delako, herritar guztiak berdinak diren leloari jarraituta. Baina lelo hori —herritar guztiek eskubide berak dauzkate— ez da askotan betetzen. Adibide bat: eskola publikoetako maila bereko irakasle guztiek ez dute oinarrizko soldata bera jasotzen, diru sari desberdina jasotzen dutelako Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko irakaskuntza publikoko irakasleek: gehiago lehenek bigarrenek baino.
Alde hori egiten bada maila bereko langileen artean, zergatik ez gauza bera egin soldata minimoa jasotzen dutenen artean. Gehixeago jasotzea bizitza maila garestiagoan bizi direnek. Hori da, hain zuzen, euskal sindikatuek eta alderdi batzuek eskatzen dutena.
Batek baino gehiagok galdetuko du noraino zehaztu litekeen desberdintasun hori, alegia, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan jasoko litzateke soldata minimo altuago hori, edo desberdintasunak onar litezke herrialde bateko zona batetik bestera? Berdin jasoko luke hiriburu garesti batean bizi denak eta herrialdeko herri txikiago batean, merkeagoan beraz, bizi denak?
Bigarren puntua etorkizuneko eztabaida baterako da. Orain, premiazkoa soldata minimo propioa lortzea da.