Azkenik, herritarren borondatearen isla dira gure udalak. Eta borondate hori inoizko abertzaleen suertatu da. Orain hori igartzea falta da. 40.000 lagun oraindik legez kanpo egon arren, demokraziaren eta parte hartzearen ideia erradikala ikusi beharko da aurki udal berde horietan. Inoiz zerrendetan egon ez eta urratsa egin duten milatik gora hautetsi horiek laguntza eta babes osoa beharko dutelako. Baita, gauzak beste era batera egitea badagoela argi utzi behar delako ere.
Ezker abertzalean izaera abertzaleak ezkerroak baino pisu handiagoa daukala esan izan da. Baina udaletan izango duen profila nabarmentzean, ezkerreko balioak nabarmendu dira, EAJren aldean bereziki. Garapenean, ekologian, ekonomian funtsean, zer-nolako aldeak dauden azpimarratu da, zabor-bilketaren auzia adibide argiena ziur aski.
Ezkerreko bai, eta abertzale? Donostiako udaletxea piperpotorik gabe jaiki ote da? Ezkerrak eta demokraziak jasoko duten besteko bultzada beharko du euskarak ere. Uema Egunean aldarrikatu zuten aurki askoz udal gehiago batuko zaizkiola elkarteari. Biztanleen %70 euskaldun izatea eta euskaraz bizitzeko borondatea dira baldintza. Etaondo dago Baztandik Arratiara udal mordo batek euskaraz bizitzea erabakitzea. Mapan berdez ikusi dut Sopuerta eta Agoitz arteko eremu zabala. Euskara XIX. eta XX. mendeetan galdu zuten herri abertzaleak dira. Erronka handi bezain ederra daukate bestelako udalgintza egiterik badagoela erakusten, parte hartzea azken ondorioetaraino eramaten, zulo ekonomikoa estaltzen eta ezkerreko politika egiten. Baina baita behingoan herria euskalduntzen ere. Horretarako epeak eta konpromisoak hartzen. Herri erdaldundu askok argi esan dute ezkerrekoak eta abertzaleak direla. Euskaldun izateko eta bizitzeko ordua da. Sopuerta, Zalla, Aiara, Urduña, Okondo, Agurain, Donemiliaga, Zalduondo, Barrundia, Agoitz...? Zein izango da Ueman sartzen den lehen herri berreuskaldundua?
Larrepetit
Sopuertatik Agoitzera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu