Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Sorginak

2017ko urriaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egunotan, ezagutzen ez nituen bi emakumeren gaineko artikuluak irakurri ditut, biak gizon ezagunen emazte. Batzuentzat emakumeok hori baino ez baikara: norbaiten emazte. Norbaiten ama. Hitz gutxitan, gure izaera poliedrikoa ezinezkoa dela. Lehenengoa Marcela Topor da. Carles Puigdemont, Kataluniako presidentea, du senar. Eta horrek senarraren arerio politikoei edozer gauza idazteko eta esateko baimena ematen die, nonbait. Tristatu egiten naute kazetaritza modu batzuek. Sei hizkuntza dakizki eta pare bat lizentziatura ditu Marcela Toporrek, baina bere gauzarik nabarmenena da aztia-edo dela. Alegia, kontu esoterikoetan sinesten duela, bestelako bizitzetan, etorkizuna igartzen duela... sorgina dela. Oraindik ere, itxura denez, borrokarako tresna ezin hobea da emakumea sorgintzat hartzea, bide batez, hura gutxiesteko puta bezain hitz eraginkorra. Niri neuri bost inporta zait Puigdemont-en emazteak zertan sinesten duen, baina zenbat dira gure inguruan milioika jarraitzaile duen erlijio batean sinesten dutenak, heriotza osteko paradisuan eta duela 2017 urte ama birjina batengandik erditu zen umea gurtzen dutenak? Esoterismoa besteak dira, bai. Beste emakumea Laurene Powell da. Ezagunagoa, beharbada, bere senarra zena: Steve Jobs. «Jobsen emazte enigmatikoa» esaten dute bere aurkezpenean. Enigmatikoa ez duelako hedabideetan agertzea maite. Tira, beste sorgin bat azken finean. Ekonomian eta Zientzia Politikoetan lizentziatua da (alegia, lizentziatura bi) eta enpresa zenbaiten sortzaile. Baina emazte enigmatikoa da, misteriotsua. Sorgin honek diru asko dauka eta une batean kolokan-edo jartzen da diruarekin zer egin ote dakien. Saskibaloi talde bat erosi nahi du, eta bestelako inbertsioak ere egin ditu (etorkinen eta gutxien dutenen aldeko dirua ematen ei du). Sorginak, oraindik ere, arriskutsuak dira; batez ere nahi gaituzten tokietatik irteten garenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.