Larrepetit

'Talkin' bout a Revolution'

urtzirrutikoetxea
2011ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Baditu 23 urte Tracy Chapmanen kantak: «Ez al dakizu, iraultzaz dihardute/ gizarte zerbitzuetako ilaretan geldi/ salbazio armaden atarian negarrez/ langabeziako ilaretan denbora galtzen/ eserita, egonean, promozioaren zain/ behartsuak altxatu/ eta eurena dena hartuko dute/ ez al duzu hobeto arineketan hasi/ bai azkenean egoera irauli da». Tunisian etengabe jarri ei zuten irratiek Talkin' bout a Revolution.

M15 ez, Europako Tahrir hamar egun lehenago izan zen, Bilboko Areatzan eta Iruñeko Udaletxeko plazan. Ostegunean kate ultra baten konexioan gaztigatu zioten «Bilduko terroristak» zeudela elkarretaratzean. «Ez dut Bilduko inor ezagutzeko plazera» Madrilgo manifestariak, «baina hemen denak dira ongi etorri». Aho bete hortz faszioa.

Espainiako ezkerrak iraultza egiteko badaki tabu bi gainditu behar dituela: postfrankismo monarkikoari gailentzea zaila baina egingarria da, egungo erregearen azken urteak direla jakinik gainera. Baina Espainiak askatasun proiektu demokratikoa izateko, beharrezko du euskal herritarron independentzia. Badakite ez dugula zerikusirik egitasmo horrekin. Espainiatik kanpo askoz elkartasun handiagoz babestuko dugu errepublika berri hori. Gatibuak ezin espetxearekiko elkartasunik garatu; ere espetxea gainditu behar dute ilusiozko egitasmoa izateko. Eta espetxea gainditzeko gatibuak askatu behar dira.

Ez dela proiektu nazionaletarako garaia, udalgintzaz dihardugula, Bilduri aurre egiteko beldur mezuetako bat izan da. Baina hortxe da indartsuen ezker abertzalea, herritik hurbilen. Erresistentziatik eraikitzera, udaletik herrialderen bateko agintea izateko ordua da, erakusteko ordua eraikuntza nazionalean kudeaketa beharrezko dela, baina ez dela porlanarekin lotu behar, aberastasunaren eta demokraziaren beste eredu bat badela posible.

Iraultzak Espainia txikiago eta zoriontsuagoa ekar dezala, eta hegoaldeko auzoen lagun egingo gara, askatasunez. Areatzan hasi ginen, Talkin' bout a Revolution.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.