Marie Darriusseucq idazleari egin diote elkarrizketa Jot Down-en hamaika gauzaren inguruan, besteak beste, insomnioari buruz. Semea jaio zitzaionetik omen dauka. Pas dormir (lorik ez... itzulpen librean) liburua idazteko balio izan zion. Ez dakit Stephen King-en Insomnia-k bere lo gabeziarekin loturarik duen, ziurrenean, bai. Nire insomnioa (ere) atetik sartzen ez den altzaria da (Harkaitz Canok deskribatzen zuen bezala Maite Larburuk kantatutako errezo pagano hartan). Ez dut akorduan noiztik ez ditudan zortzi ordu segidan lo egin, beharbada, dagoeneko, ez dut beharrik. Hau idazten ari naizen honetan nire loak bi egun daramatza inora ez doan telegrama bidaltzen. «Dena da zabor hutsa», oihuztatu du auzokideak gauaren erdian bart; ez dakit kontu existentzialaz ziharduen edo edozein gorrek entzungo lukeen telebistako programazioaz. Insomne interruptus naizela esango nuke, eta udako otitisari aurre egiteko erabili ohi ditudan tapoien bila aritu naiz. Belarrietatik migratu dute tapoiek, edozelan ere, berdin da, ez daude egon beharko luketen tokian. Eta gauaren erdian garrasia ahots tonutzat duen emakumearen eztabaida sutsua entzun dut. Norekin ariko ote da eztabaidan? Munduko Osasun Erakundeak emandako datuen arabera populazioaren %40k lo arazoak ditu, hortxe nago neu ere, estatistikan.
Asteon, Santixau jaiak. Agian etxe trukaketa egingo dut Marie Darrieussecq-ekin; bera Bilbora, ni, berriz, maite ez dudan Pariserat. Beste aukera errazagoa tapoi berriak erostea. Begiratzerakoan unibertso oso bat zabaldu zait: tapoiak ehiztarientzat, zero soinua izateko, motorrarentzat, umeentzat, lo egiteko... eta ostean, zalantza: tapoiekin entzungo dut iratzargailua?