Iñigo Aranbarri.

The Urdaibai Company

2025eko abenduaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Porfirio Diaz presidenteak Holt kapitainari emandako kontzesioarekin hasi ziren ametsetan. The Popocatepetl Company izango zuen enpresak izena; gobernuko jendea bilduko zen bertara eta, nola ez, estatubatuar enpresariak. Gosea Hernan Cortesen ohar batzuek piztu zieten, ziotenak sulfuro bila bidali zituela gizonak sumendira, armetarako. Holten kalkuluen arabera, 60.000 tona sufre atera ahal izango zituzten urtean.

Ez zen asmo industrial hutsa. Emile Benard frantziar arkitektoak apainduko zituen mendi magalak, Versailles berri bat egiteko bertan. Eta inguruan, munduan parekorik gabeko hotelak eraikiko ziren, trenbideak, cottage-ak eta kraterrerainoko bide egokituak lagun. Zein Mexiko modernoa… mexikarrik gabekoa.

Hasi ere hasi ziren, harik eta 1921ean, dinamita leherketa batzuk tarteko, mendia iratzarri eta kea, hautsa eta harkaitz goriak egozten hasi zen arte. Orduantxe itzali ziren kapitalaren begi-dirdirak. 1935en, Parke Nazional izendatu zuen Popocatepetl-Iztaccihuatl eremua Lazaro Cardenasen gobernuak eta Biosferaren erreserba Unescok 2010ean.

Mexikon bezalaxe, Biosferaren erreserba izendatutako eremuan sendotu nahi izan du bertoko agintari talde batek negozio pribatu bat. Beste Benard bat dute Urdaibain Versailles obratzeko. Turismoa gogoan egitasmo biek. Eta kasualitateen ederra, estatubatuar enpresa pribatu bat jarri nahi izan zuten orduan han, eta jarri nahi izan da orain hemen, eremu babestuan nagusi.

Datorren astean jakingo dugu Urdaibaiko proiektua betiko baztertuko den. Han, naturaren indarrak eta Cardenasen politika-moduak trabatu zizkion aukerak The Popocatepetl Companyri. Hemen, helegiteek eta tramiteek, lurra araztearen nekeak eta herritarren desadostasunak galaraziko dute, tankera hori du, gure Diaz-Holten eldarnioa.

Han, proiektuaren porrotaren ostean jagon zuten eremua, orain mende bete ia. Hemen, neurriz haren erdia den eremu babestuan egin nahi izan da. Hau mundu arrano hau, paralelismo lotsarizkoz betea.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.