nerea loiola pikaza

Tigrisen malkoak

2024ko otsailaren 1a
05:00
Entzun

Lagunarteko giroan, ahizpa txikia ezkonduta egon gabe haurdun geratuz gero zer gertatuko ote zen galdetu zion Emilienne Malfatto kazetari eta idazleak gizonezko irakiar bati. Hark ez zuen zalantzarik izan: familiak hil egin beharko zuen.

Deitora zaitzala Tigrisek eleberriak ezkontzatik kanpo sexu harreman bat izan ondoren haurdun dagoen neska gaztea du protagonista, mutila bonba batek hil du. Hasieratik jakinaraziko zaio irakurleari neskatxaren patu beltza: aitaren faltan, anai zaharrenak hil beharko du arreba gaztea.

Kapitulu laburretan egituratutako harribitxi honetan, protagonistaren gertuko pertsonen ahotsak txandakatzen dira eta amaren, anaien, hildako maitalearen eta Tigris ibaiaren gogoeta eta sentipenak ezagutuko ditugu. Biktima nagusia nor den zalantzan jarri gabe, azalduko da gauzak askoz ere konplikatuagoak direla beti eta denok garela sistema patriarkalaren biktima; baita anaia hiltzailea ere. Tigrisen ahotsak Gilgameshen epopeia eta antzinako Babilonia ekarriko ditu gainera, bortizkeriari eta minari merezi duen atenporalitatea ezarriz eta, aldi berean, zibilizazioaren sorleku izan zen eskualde baten aberastasun kultural eta historikoa berreskuratuz. 

Iraken kokatuta egonik, europarrontzat erosoa izan daiteke hatza hara begira jarri eta Ekialde Hurbileko kultura horrek gauzak zeinen gaizki egiten dituen seinalatzea. Baina idazleak garbi uzten du liburu honen mezua haratago doala: emakumeon gorputza ez da gurea. Ez Iraken, ez Euskal Herrian, ezta Zarautzen ere. Gauza batzuk ez lirateke inoiz gertatu behar. Gertatutakoak ezin dira inoiz isildu. Eta ez ditugu inoiz ahaztuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.