Larrepetit

Toki bat

Goizalde Landabaso
2013ko azaroaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lekuek ez dute arimarik. Ez dute oroitzapenik. Ez dute minik ezta alegrantziarik ere. Gure proiekzioak dira. Tokiek ez dute sentitzen, guk isurtzen ditugun sentimenduen gordagailu dira, lekuko isilak. Horrek esan nahi duen guztiarekin. Ez dute ikusten ezta entzuten ere, baina gure barre, negar, hunkipen eta haserraldien istorioak konta litzakete. Nik ere badut zerrenda luze bat, nire geografia sentimentalaren mapa. Zoko-moko horietan bada oso identifikagarria egiten zaidan zer. Sarri gauza txikia da, nire baitako zerbait piztu duena. Sarri gauza handia da, nire bizitzaren heldulekuetako bat. Iruñera bisita egin nuen batean lagun batek txoko horietako batera eraman ninduen; ezelango ordainleku barik zuzenean bihotzera ailegatzen zaizunetakora. Leku txikia zen karrika zokolu baztertuan. Ia hutsik zegoen; sarrerako kafetegian zerbitzari lanak egiten ari zen bat etaaurrera jarraituz gero zabalgune batean liburudenda txikian, liburuzaina ei zena. Zurkulu hark bazuen iheserako bazter nimiñoa patioan, edozein irudimen bizkortzeko modukoa. Badakit ezinezkoa dela, tokiek ez baitute arimarik, baina marmar egiten zuen. Oasi txikia kanpoko zaratotsatik asago.

Bueltatu naizenetan (nik nahi baino gutxiagotan) jende gehiago egon da batez ere kafetegian. Kikara eta kafe makinaren soinua eta berbaroa izan dira nagusi. Orain badoaz handik. Hiltzera doa oasi ttipia. Oteizak zioen heriotza leku aldaketa baino ez dela, eta ezin hobeto egokitzen zaio esamoldea La Hormigari gertatuko zaionari. Bazterrekotik urrundu eta kale nagusira doa. Oasia hedatzera, ozeano bihurtzera. Aldamioak ditu momentuz ozeanoak. Adar sendo erori bi, geldiezina den argia, hautsa, adreiluak, eskailera ostenduak, jausten diren harriak, hormetatik at agertzen diren okoiluak. Isiltasunik izango ote du? Desiratzen nago liburu artekoan galtzeko eta iheserako atonduko duten patioan denbora ahazteko. Gutxi falta da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.