Itzea Urkizu Arsuaga.

Tristurari

2025eko azaroaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Batzuetan gertatzen da. Gorputzak ematen dizkizu seinaleak, zerbait hutsik dagoela eta bete behar duzula esaten; edo hori ulertzen duzu zuk. Hasten zara hemen, han, hor nonbait, ahurtasun hori betetzen saiatzen. Proba egin; egin, egin, egin.

Zulo horren zantzu zena erauzi ezinezko geruza bat gehiago bilakatzen den arte, zure azalean. Ezin zarelako iritsi hutsunea beteko duen klik horretara. Ondo ari ote naiz bila? Trantsitatzen ari naizen hau betelana baino zerbait gehiago izango al da? Nora iritsi nahi dut, ordea? Beldurrik, zalantzarik, mesfidantzarik gabeko bizialdi utopiko batera? 

Konturatzen zaren arte, geruza hori, azalean itsatsirik duzun hori, ez zela zehazki zoriontasunaren bilaketa oniriko bat, baizik eta tristura. Denok ere gure bizitzetan anekdotiko nahi genukeen tripako min hori, baina munduko zatarkeriei neurria gure gorputzetik hartzeko termometrorik onena dena. 

Uste dut norbere tristuraren zauriek zer sakonera duten ikustea eta zauri horiei darien gesala ukitzen hastea dela izan dezakegun ikaskuntzarik mingarriena eta sendagarriena, aldi berean. Baita bilaketarik egoistena eta eskuzabalena ere. Poza behar baitugu biziko bagara, gure tripan lehenengo, eta aldameneko kuttunen eta maiteen tripan gero. 

Ez dirudi sekretu handirik dagoenik, izan zahar, izan heldu, izan gazte, izan nerabe, izan haur. Hitzetara ekartzea gure tristura (ere), munduko ia edozein koordenatutan (batzuetan askoz ere gehiago) sentitzen, baina, batez ere, isiltzen den emozio hori bilakatu dadin poza ondo (eta poz ona) bilatzeko iparrorratz. 

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.