Iñigo Aranbarri.

Tristuraz hil

2026ko ekainaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denbora behar izaten da jakiteko ustezko jakinduria horixe dela hain zuzen, ustezkoa. Gogoan dut, astea kanpoan eman eta gurasoenera itzulita, inoiz edo behin atera izan zela gaia. Halako hil da. Zer zuen ba? Tristuraz hil da. Gaztea izatea zer den, aditu arrazionala nintzen, materialista gogorra. Nola demontre hilko da inor tristuraz. Halaxe hil zela, amak. Senarra edo emaztea hil eta penaren penaz, handik berehala joan ohi zen bestea atzetik. Hilabete gutxira maiz, astetxo batzuen tartearekin sarritan. Uzteko sineskeriak, nik; tristura ez zela gaitz hilgarria. Hilko zela bihotzekoak jota, minbiziz, nik dakita, baina ez tristuraz. 

Berandu ikasi nuen medikuntzak ere emana ziola izena, Takotsubo-ren miokardiopatia, nahiz eta poetikoagoa gertatu metafora: bihotz hautsiaren sindromea. Nonbait, infartu batenaren antzekoak dira sintomak: mina bularrean, arnasa hartzeko zailtasunak, taupada azkarrak. Beraz, hil zaitzake tristurak, dio zientziak, eta gerta liteke depresioa ere izatea tartean, bizitzeko gogorik eza, lagazioa. 

Oraindik orain hil da Marjane Satrapi, Persepolis-en egilea, Irene Arraratsi esker irakurri duguna euskaraz. Tristuraz hil da, dio albisteak, senarra zendu eta urtebetera. Eta atoan Marjane neskatxaren begirada xaloa datorkit historia handi bat marrazki bakarrean biltzen, hain handia nola den emakumeena Iranen, errazkeriatik urrun, garratz eta samur. Eta orain, ama dudala ments nire orduko usterik gabeko ausarkeria aitortzeko, neure buruarekin eztabaidan harrapatu nau egunsentiak, ez baitut erabat ulertzen oraino nola litekeen tristuraz hil, nor eta Satrapi, egoerarik gordinenak ere umore-izpiz zikintzen asmatu eta irriñoz bustitako malkoak ebatsi zizkigun kontalari zorrotza. Eta etorri zait agian hortxe dagoela gakoa, satrapa handien esku ez dagoen dohaina: irri gaiztoz hartu beharra dago norberaren tragedia gero tristurak jota hiltzeko.   

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE