Analista askok diotenez, Israel izan zen AEBak Irango zuloan sartu zituena, berak bakarrik ez zuelako erasoa egin nahi, bi arrazoirengatik: lehena, bidelagun prestigioduna behar zuen operazioan, eta, bigarrena, estatubatuarren indar militarra behar zuen operazioa denboran asko luzatuko bazen. Eman dezagun teoria hori zuzena dela, nahiz ez zaien arrazoi falta esaten dutenei Israelek ez daukala nahikoa indarrik AEBak horrelako gerra batean sarrarazteko, ez badu nahi.
Israel eroso dago sortu duen koiunturan, kalte handiak egin dizkiote Irani, eta, gerra giroaz baliatuta, Libanon aspaldi egin nahi zuen txikizioa egiten ari da, inolako oposiziorik gabe. Israeldik datozen inkesten arabera, herritarren %82k begi onez ikusten dute Benjamin Netanyahu Iranen eta Libanon egiten ari dena. Donald Trumpek, aitzitik, oso emaitza txarra lortzen du inkestetan: %35 eta %40ren artean.
Azken asteotan nahiko garbi ikusi dugu Trumpek ez daukala gogo handirik Iranekin aurrez aurreko borrokan segitzeko, erabateko borrokan; ohartu da kalte handiak egin diezazkiokeela Irani, baina ez daukala modurik Iranez jabetzeko. Iran ere jabetu da AEBen ahuldade horretaz, eta horregatik darabil amore ez emateko estrategia, konbentzituta daudelako denborak haien alde jokatzen duela.
Horregatik igaro da Trump azken asteotan Iranen aurkako mehatxu apokaliptikoak egitetik Iranekiko tregoak bata bestearen atzetik luzatzera, sartuta dagoen zulotik atera nahi duelako, ahal bada irabazlearen mezuarekin. Adierazgarria da ikustea egunotan Etxe Zuriko bigarrena, J.D. Vance presidenteordea, negoziazioak bigarren ahaleginean ostatatuko dituen Pakistanera bidean, nahiz Iranek esan ez daukala bilera horretara joateko asmorik.
Helduleku on bat dauka Iranek negoziazio horietan, hau da, Israelek atzera egin beharko du Libanon daraman estrategian: Trumpek Israel behartzea Libanotik ateratzera.