Azkenaldian maizegi ikusi dugun filma ikusi dugu berriro egunotan Ankaran, Turkian, NATOko kideek egin duten batzarrean: jainko guztiz ahalduna haserre —Trump—, eta jainkoa nola gozatu, nola lasaitu, ez dakiten erakundeko Europako kide menpekoak.
Gidoia ezaguna da, AEBetako presidente Donald Trumpek hilabeteak daramatza kantu berarekin, lantura gora eta lantura behera, Iranen aurka abiatu zuen gerra justifikaezinean NATOko Europako kideek ez diotelako nahi beste lagundu, batzuek base militarrak erabiltzea galarazi diotelako, eta besteak kritiko izan direlako Trumpen aldebakarreko estrategiarekin. Ematen zuen —groenlandiarren lasaitasunerako— AEBetako presidenteak erdi ahaztuxea zeukala Groenlandiako jabetzaren auzia, baina Turkiara iritsi eta berehala hori ere aurpegiratu die NATOko kide europarrei: bakarrik utzi zuten Groenlandia bereganatzeko ahaleginean.
Trumpek ez du disimulatu bilera hasi aurreko (ustezko) haserrea, eta argi iradoki du egunotako bileratik AEBentzako etekin handiak lortuta itzuliko dela etxera. Hau da, material militar asko erosi beharko diete europarrek estatubatuarrei, jainkoa baketuko badute.
AEBetako presidenteak ez du baztertu NATOko kide guztiek —jakinda zati handi bat NATOrako dela— aurrekontu orokorren %5 defentsan inberti dezaten exijitzea, eta gainera hazkundean gastatuko duten dirutzak AEBei erositako armagintzan izan beharko du.
Iritsiko ahal da europarrak batu eta amerikarrei aurre egingo dieten eguna, amerikarren apetak betetzeari utziko dioten eguna… Hori delako Europak daukan irtenbide bakarra, armada behar izatekotan, bere buruaren jabe izango den armada bateratua edukitzea, Europatik kanpoko inongo erakunderen menpe egongo ez dena.
Komeni da gogoratzea defentsarik eraginkorrena diplomazia sendoa dela, indartsua eta eragilea. Gatazkak, gerrara iritsi aurretik, plano politikoan konponduko dituena.
Â