Zer gehiago egin behar du AEBetako presidente Donald Trumpek Europako agintariak —ahal bada, hobe kanpoko beste batzuekin batera— behingoz batu eta diplomazia sendo eta erabakigarria erakusteko? Noiz hasiko dira egiten? Denak makurtu direlako, Trumpen aurrean amore eman dutelako alegia, berandu denean? Noraino utziko diote iristen? Badaezpada, ez utzi abiatzen.
Beti jazo ohi denez, oso zaila da gai batek luze irautea komunikabideen lehen orrialdean. Venezuelak lekua eman die Groenlandiari eta Irani, eta haiek, Trumpen aseezintasuna ikusita, beste herrialde batzuei pasatuko diete interesaren lekukoa berandu baino lehenago. Isilago daude Kubarekin eta Kolonbiarekin. Kontua da, orain arte ez bezala, beti bat dela arreta informatiboa erakartzen duten auzien eragilea: Trump. Berak agintzen du.
Esaten duenaren zati garrantzitsua bete egiten duela ikusita, oso serio hartu beharko luke Europak Trumpek Groenlandia —modu batera edo bestera— bereganatzeko erakutsi duen tema lotsagarria. The New York Times egunkarian egin berri dioten elkarrizketan esan zuen, batere gorritu gabe, bere morala duela arau bakarra.
Zer egin dezake benetan Europak eragozteko Trumpek Groenlandia bereganatzea daniarrak eta groenlandiarrak aurka ateratzen badira? Ahalegin diplomatiko handia egitea, inoizko handiena eta sendoena; eta horrek huts egiten badu, Europako herrialderik handienen armadek kide kopuru esanguratsua bidaltzea uharte handira. «Europarrek ez dituzte beren armadak gure soldaduen aurka erabiliko», pentsatuko du Trumpek bere golkorako. «Trumpek ez ditu bere armadak gure soldaduen aurka erabiliko», pentsatzen hasi beharko lukete europarrek.
Ez genuke baztertu behar Trumpen estrategiak lotura zuzena edukitzea haren herrialdean azaroan egingo diren erdibideko hauteskundeekin. Hauteskunde horiek Trumpen legealdiko errebalida izango dira, eta ganberetan dauzkan gehiengoak gal ditzakeen ustean, jarrera gogorra erakustea erabaki du.