Mila aldiz esanda ere, komeni da beste behin gogoratzea AEBetako presidente Donald Trumpen aginduz armadak Venezuelari egindako erasoa, Nicolas Maduro presidentea eta haren emazte Cilia Flores bahitzea eta dozenaka hildako eragitea, nazioarteko zuzenbidearen aurkako dela, eta, bere horretan, epaiketa merezi duen delitua dela. Urrezko printzipioa da herrialde baten subiranotasuna errespetatzea.
Denbora dezente igaroko da Venezuelako agintea —nork eta nola aginduko duen— nola geratuko den ikusteko. Zenbat iraun lezake lehen egunetarako diseinatutako ereduak? Alegia, Maduro lehendakaria xake taulatik kendu agintean bi hamarkadetan egon direnak —Maduroren gertuko kolaboratzaile boteretsuak— ukitu gabe. Aurreneko begiratuan logika handirik ez dauka, oposizioak eta nazioarteko agintari askok —batzuek indar gehiagorekin, eta gutxiagorekin besteek— salaketa gogorrak egin dituztelako Maduroren gobernuak giza eskubideen alorrean egindako urraketei buruz. Salaketa horiek egia badira, zergatik daude libre salaketa horien objektu zuzena diren Maduroren nukleo gogorreko kideak?
Narkotrafiko sare bateko burua izatea leporatzen diote Trumpen administrazioak eta epaile federal batek Madurori. Kostako zaie salaketa frogatzea, baldin eta auzia ikertuko duen magistratuak —Alvin K. Hellerstein, 92 urte— ikerketa berme guztiekin egiten badu. Erraza da Trumpentzat horrelako salaketak egitea, baina zaila delitua Madurori zuzenean leporatzea, frogatu behar delako berak, pertsonalki, zuzentzen zuela narkotrafiko sarea. Ez daukate erraza.
Trumpek Venezuelako oposizioa erabat baztertu duela entzuten eta irakurtzen ari gara egunotan. Hori da erasoa azaldu zuen mintzaldian iradoki zuena, baina aldi baterako estrategia da —hilabete batzuk— edo denboran luzatuko dena?
Ez genuke baztertu behar, egoera politikoa pixka bat baretzen denean, Trumpek lehendakaritzarako hauteskundeetara deitzeko agindua ematea agintean geratu direnei.