Apirilaren bueltan hasi ohi da kuadrillako whatsapp taldea sutan: «Noiz dituzue oporrak udan?», «Nora joan nahiko zenukete aurten?». Denok ez ditugu gustu berak, eta denok ez ditugu baliabide berak ere. Ezingo ginateke hogeiok Punta Canara joan, baina dagoeneko taldean joan gara Kroaziara, Asturiasera, Korsikara, Costa Bravara, Tarragonara, Galiziara, Greziara, Italiara, Esloveniara eta Perpinyara. Premisa bat izan dugu hamar urteotan: ura eta harriak, berdin du zer formatutan. Harriak izan litezke goi gailurrak edo monumentuak; eta ura, berriz, itsasoa edo errekak. Egin dugu lo autokarabanan, furgonetan, hondartzan, kanpinean, alokatutako etxeetan... eta beti izan da prezioa adostua: astebeterako bostehun euro, gastu pertsonalak aparte. Sinestezina izan arren, egin dugu.
Beharbada, sinestezinagoa da elkarrekin bidaiatzen segitu nahi izatea eta udaro lortzea agendan adiskideei lekua egitea. Hogei urte genituen hasieran, eta orain hamarkadaz aldatu arren, segitzen dugu ahalegina egiten. Arauari aurre egitea bezalakoa da ia, eta eskerrak ari garen oraindik. Egia da zailduz doala kontua, eta plan guztiek ez dutela bizi denbora berekin kointziditzen. Gutako motxilera batzuek, bidaia zakua aldatu dute porteoko oihalekin. Eta halere, abuztu bukaeran tartea atera dugu M-k eta biok elkarrekin Burgosera joateko. Ez dira Filipinak, baina han ere ura eta harriak ditugu, eta J-k esan digu agian animatuko dela bera ere. Betiko hirukoari I txikia batu zaio aurten, eta halere, nahi dugu elkarrekin egon udan. Zu hau irakurtzen ari zarela, ni Menorcara ailegatu berri naiz, piraguan uharteari buelta emateko beste lau lagunekin. Uraz eta harriez gain itzalen bat aurkitzea komeni. Urduritasunak jota nago, baina bakarrik ezin da eta lagunekin bai. Kuadrillako hogeiok bakoitzaren egun libreekin excel bat egin dugu, eta zin egin diogu elkarri irail amaieran Port Aventurara joango garela, 30ak betetzeagatik sarrera debalde dugulako. Ez da iraultza handiena, eta jolas parkean harriak kartoizkoak dira eta ura artifiziala, arauari egin diogun erresistentzia bezala. Baina momentu hauetan, hauxe da gurea.