Goizalde Landabaso
Larrepetit

Txaloak

2014ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Txalo egitearena oso antigoalekoa da. Gizakia bezain zahar. Akordura datozkidan lehenengo txaloak Amak abesten zuen abesbatzari emandakoak dira. Ziurrenen, baina, ume-ume nintzela senitartekoren batek akuilatuta lehenago ere joko nituen. Azkenak eztabaidarik piztu nahi ez nuelako egin nituen. Askorik gustatu ez zitzaidan kontzertu amaiera batean. «Ez du txalorik merezi, ala?», galdetu zidan lagun batek. Txalo kontrolatu batzuk eman nizkion. Asmatu duzu, irakurle estimatua, ez naiz txalo errazekoa.

Txaloen funtzioa aldatu dela esango nuke. Lehengo eguneko kontzertuan, esaterako, nabarmen. Kantaria oholtzaratu eta atoan esku-zartak eta bibak hasi ziren. Hots, lana ondo zein txarto egin ordaina emana zen. Erromatar zaharrek, aspaldikoek, Koliseo zutik eta bizirik zegoen sasoiko erromatarrek, txalo egiteko modu ezberdinak ei zituzten. Atzamarrekin, esku-azpiekin, esku-zapalarekin... eta beti amaieran. Nik bizi ditudan txaloen aldea intentsitatean datza, hasieran etaamaieran. Irakurri dut Berlingo zenbait antzokitako ikuskizunetan zehar txaloak debekatuta daudela, eta soilik antzoki-oihalak behera egiten duenean jotzen direla. Telebista show zenbaitetan ere kartel bidez esaten dizute, «txalo», norberaren iritzia zeharo neutralizatuz eta ukatuz. Txalo errazen demokratizazioa. Artista batentzat latza izan behar da, gero, lana amaitu eta isiltasuna jasotzea ordain gisara. Baina horrek ez luke argiago utziko ikus-entzuleriak gustukoa izan duen ala ez? Edukazioa, maiz, mailu bat da.

Agian ni naiz oker dagoena. Akaso nik akritikotasunaikusten dudan tokietan plazera eta atsegintasuna daude.Beharbada gauza on-onakegiten dira, txalogarriak, apika ni ere txaloka hasi beharkonintzateke; edonon, edonoiz, edonorekin, edozerekin. Oraindik ere, ordea, ona ez den zerbait ikus-entzuterakoan isilik geratzen naiz. Asegaitz. Eta batzu-batzuetan, haserre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.