Berriki igaro da Diadaren urteroko ospakizuna, eta azken urteotan nagusitu den giro berean joan da: etsipenak hartuta daude. Independentziazaleak ataka larri batean daude, gehiengoa galdua daukate Kataluniako Parlamentuan, eta, horren ondorioz, baita Generalitatean ere. Dauden zulotik nola atera ez dakitela daude, noraezean, asko luzatzen ari den krisian murgilduta.
Arratsaldeko manifestazioan jende asko izan zen; zubi baten hasiera izanagatik, aurreko urtean baino jende gehiago bilduta, eta gazteen presentzia handia zen. Zenbat? Kataluniako hiru deialdietan —Bartzelona, Girona eta Tortosa—, denak batera zenbatuta, 41.000 manifestari izan omen ziren. Bartzelonan, Udaltzaingoak esan zuenez, 28.000 egon baziren joan den ostegunean, Bartzelonan duela urte batzuk egindako manifestazio handietan ez ziren inoiz, orduan esaten zuten bezala, milioi bat manifestari bildu. Eta milioi bat biltzen baziren, aurtengo Diadan, jende asko bildu zelako, 28.000k baino dezente gehiagok hartu zutelako parte.
Aliança Catalana alderdi ultraeskuindar eta independentziazalea izan zen aurtengo manifestazioaren berrikuntza. Bezperan, El Fossar de les Moreresen egindako ekitaldian ikusi genuenez, hasiberriaren ilusioarekin eta indarrarekin ibili ziren. Oso konpaktatuta sartu ziren manifestaziora, alderdiaren bandera asko eskutan hartuta —bakarrak izan ziren alderdiaren bandera eramaten—, txistu zaparrada handiaren erdian. Nobedadea dira Kataluniako patio politikoan, inkestek gorakada handia ematen diete —oraingo 2etatik 8-10era—, eta independentismoa baldintzatuko dute hurrengo urteotan; botoak, nagusiki, Juntsetik hartzen dituztelako, baina baita neurri txikiagoan ERCtik eta CUPetik ere.
ERCk eta CUPek oso jarrera trinkoa daukate ACrekin, adierazi baitute ez dutela ezer adostuko alderdi horrekin. Juntsek, aitzitik, ACk eman diezaiokeen haginkadarekin kezkatuta, jarrera malguagoa dauka, eta ez dio osasun hesirik ezarriko.