martxelo otamendi

Txisteak euskararekin Zinemaldian

2025eko irailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken urteotan, zorionez eta euskaldunen osasun mentalaren onerako, gero eta txiste gutxiago —txarrak, derrigorrez— egiten dira ekitaldi publikoetan aurkezle erdaldunen aldetik. Baina bada klasiko bat, aurten ere huts egin ez duena: Donostiako Zinemaldiko hasierako gala.

Antolatzaileek bi aurkezle emakumezko erdalduni eman zieten galari hasiera emateko ardura. Harrigarria izan zen garai hauetan biak izatea erdaldunak —kanariarra bata, katalana bestea—; aurreko urteetan aurkezleak bi izan direnean, bat gutxienez euskalduna izan ohi baita. Kursaaleko aretoa betetzen zuten askori ez zitzaien asko axolako bietako bat ere ez izatea euskalduna, gure herritik kanpoko jende asko egoten delako hasierako eta bukaerako galetan.

Arazoa sortu zen bi aurkezleak euskararen inguruan txiste txarrak egiten eta txantxetan hasi zirenean, Txomin del Regatok ezaguna egin zuen prototipoa behin eta berriro errepikatuz, aretoan zeuden espainiarren gozamenerako. Zutabegile hau ez da purista formetan, ez du uste euskara ukiezina denik, maite ditu ikonoklastak, eta txantxazalea da. Baina nekagarria irizten dio euskaraz ez dakitenek betiko topiko zoldatsuekin hasteari. Ohar eskaera bat, datorren urtean Zinemaldiko zuzendaritza hartuko duenari: hautatu nahi dituzun aurkezleak, eta hitz egin dezatela nahi duzun hizkuntzan, baina euskararen inguruan txiste txarrik egin gabe. Gidoigile euskaldun on askoak dauzkagu herri honetan euskarari punta maisuki aterako diotenak, euskaldunak barregarri tratatu gabe.

Eskerrak Itziar Ituñok, berezkoa duen profesionaltasunarekin, hartu zuen galaren aurkezpenaren ardura bi aurkezle erdaldunak isildu zirenean. Euskaraz egin zituen ia aurkezpen guztiak, aurreko biek utzitako zapore txarra gozatuz.

Aurrerapen handiak egin ditu Zinemaldiak, ederki kostata, azken urteotan euskararen normalizazioan. Zer behar dago lan hori txiste batzuen bitartez zapuzteko?

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.