Bederatzi urterekin ikaskide batek «Maiderra piperra» deitzeko ohitura hartu zuen. Gogoratzen naizenean, umekeria bat iruditzen zait, eta inguruko helduek ere antzeko pentsatuko zuten, inork ez baitzuen hori eteteko keinurik egin. Gerora ikusi ditut nire inguruko gurasogaiak haurren izenak aukeratzen errima iraingarririk ez duten horien artean. Abizenaren ordenak trufa ekidin dezakeen erabakitzen ere bai. Ez da hain haurren kontua, orduan. Hamaika urterekin lagun bati titiak hazi zitzaizkion eta ez zuen dutxatu nahi izaten soinketa egin eta gero. Ez misto eta ez ez-misto. «Umeak bezala» ez jarduteko esango ziguten orduan gurasoek, ez izateko bularren eta burlen beldur, nahiz eta aldi berean merkatuko top estuenak erregalatuko zizkiguten, oraindik haurregia zen gorputz hori irringarria edo sexualizatua izan ez zedin denen begietara.
Ni ere jardun naiz ume edo gaztetxo krudel edo dena delakoa beste batzuei goitik behera. Lodi zegoelako bata, tipula usaina zuelako bestea. Larrutu ditugu ahoz zein begiradaz. Asko eta askotarikoak izan zitezkeen arrazoiak eta esango dute hori ere badela nerabezaroaren parte, edo hormonaz jositako oihanean ikasi behar dela bizirauten. Baina gerora jakiten baduzu batek bukatu zuela zentro batean, eta bestearekiko zenuen begirada klasista ezin baduzu burutik kendu, ba gauzak diren bezala, egindakoaz jabetu, eragindakoa aitortu eta erreparazio bideak ere landu behar dira. Izan ere, bullying-a umekeriatzat dugun bitartean, nekez identifikatuko dugu indarkeria gisa, nahiz eta ondorio biolentoak dituela argi dagoen: kaltetze psikologikoa, eraso fisikoak, eskolaz edo herriz mugiarazten zaituzten lekualdatze behartuak… eta batzuetan, heriotza ere bai.
Joan den astean Sevillako neskato batek bere buruaz beste egin zuen eskola jazarpenagatik, eta hain zuzen Sevillako Unibertsitatekoa da bullying-a eta ikuspegi intersekzionala uztartzen dituen Elena Trabajoren doktore tesia. Izan ere, haurren inozentzia delakoaren azpian ezkutatzen dira egiturazko arrazakeria, homofobia eta sexismoa ere, eta hori iraultzeko ardura denona da, eta egoera, larria.