Blanca Urgell
LARREPETIT

Urduri eta beste

2023ko otsailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lauaxetak eman dit oina: Mitxeletatxu baten antzean / artega nabil... Hegaldika nabil, Orixek bakarrik esan lezakeen eran esanda. Baina, artega zergatik? Oihenarten bertso eder horietako batekin erantzungo: ez dazkit, ez derraket / gordailluan dauntzanak. Artega nabil, bai, estu eta urduri, baina norberaren gordailua iluna da sarri. Zergatik? Hargatik.

Bila eta bila ibili arren Orotariko Euskal Hiztegia-n, hasieran ez dut argi jakiterik izan Iparraldean nola esaten zaion, zainbera Mirandez beste inork ez omen baitu erabili, eta zainetatua Lartzabalek (1964). Nola erran hiztegiak diost hango modura esanda zaintsu nagoela, zainetan ezarria edo zainen puntan.Saskira!

Merkatuan saskira eta orain saskitik mahaira. Artega arraina Mitxelenak sukaldatu zuen, arte 'sosegua' eta -ge 'gabe' zati bi eginik: 'bakerik gabekoa', beraz. Urduri, aldiz, atzamar artetik itzurtzear dago, bizirik bailegoan. Nik ebaki nahi nuke, dzast, eta *dur antzinako erroa erraietatik atera: *urdur (< *dur-dur).

Berankorra behar luke izan gure urduri-k, baina, *ur-en rez baitu galdu, adar (*da-dar), eder (< *de-der) eta odol (*do-dol) hitz zaharrek bezala, eta -i atzizki izenondogilea aldean baitu gorri-k bezala eta eder-ek ez bezala. Gainera, ba omen dago durduri Tolosaldean, Beterrin, Bortzirietan-eta, akaso lehengo d- gordea (dar-dar eta dir-dir-ek beti gorde dute).

Hiztegi etimologikoak (EHHE) ezin izan du *dur aise aurkitu, ezpada galdur, lur eta andur hitzetan, agian. *an-dur 'doilorra, zikoitza' handi-ren aurkakoa-edo balitz, urduri-rekin konparatzeak baluke zentzurik, eta areago, nik uste, bildur-ekikoak. Eta galdurra '(oilarraren) gain urduria' ulertuko bagenu?

Adituek barka biezadatela ausardia. Honela jolasean hasi eta ez-arian joan da, hegaldika, lehengo urduritasuna. Heldu da, baina, traste hau itzaltzeko ordua. Atsotitzak dioen legez: Otso gosea ekurugaitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.