Urriko Le Monde Diplomatique-ko artikulu batek gaztaroan Gasteizko Zuloa liburu dendan nire buruari oparitu nion Frédéric Chaubin argazkilariaren CCCP Cosmic Communist Constructions Photographed liburura eraman nau.
Jens Malling-en Le Monde-ko artikulua Georgiako 1953tik 1990erako arkitekturari buruzkoa da. SESBen amiltzearen ostean Georgiako gobernuek modernismo berantiarra zuten eraikinen aurka izan duten gurutzadatik salbatu nahian aritzen dira Mariam Gegidze, Natia Abasaxvili, eta Nino Txatxkhiani. Tbilisiko Artxibategi Arkitektonikoa (TAA) sortu zuten 2020an eta sobietar modernismo berantiarreko eraikinekin lotura duen dokumentu oro gordetzen dute: «Bereziki argazkiak, krokisak, jatorrizko diseinuak, eskuzko oharrak eta eraikitze planak». Eraikin jakinen inguruko informazioa osatzen dute, arkitektoen biografia. Eta ikusgarritasuna eman nahi diete «ondare arkitektoniko hura arrisku larrian» dagoelako.
Garai hartan arkitekto izan zen belaunaldia desagertzen ari da eta Georgia arkitektonikoki munduan kokatu zuten eraikinen egileak dira. Ezagunena 1975eko Autobideen Ministerioa da, gaur egun Georgiako Bankua.
Eraikin ikoniko asko suntsitu dituzte dagoeneko; Tbilisin biltegi handi batek, metro geltoki batek eta antzoki batek osatzen zuten eraikina, adibidez. Mtatsminda mendi gailurreko planetarioa ere desagertu da. Horien denen artean Urmael Berdea da hiritarren kutunenetako bat: uretako kiroletarako eta aisialdirako gune bat, jendeak udako egun beroetan bereziki maite zuena. Eraikina abandonatuta egon da eta ziurrenik eraitsi beharko dute. TAAk gune horren inguruko edonolako dokumentuak eskatu zituen 2022an sareetan.
Eraikinok ez dira soilik estetikoki deigarriak: eraikuntza molde aski sofistikatuak izan zituzten, aurrekontuak mugatuak zirelako. Batzuetan, industrializazioaren aurreko teknikak erabili zituzten. Paradoxa asko daude eraikinon historietan, baina denek dituzte bi ardatz komunean: anbizio estetikoa eta funtzio soziala. Liburutegiak dira, antzokiak, fakultateak, langileentzako oporretarako tokiak. Hala dio Mallingek: «Argiki antzeman daiteke modernismo sobietar berantiarreko guztien ongiarekiko sentiberatasuna, hain bortizki egiten du kontrastea gaur egungo arkitekturarekin, lukurrerian zentratzen da eta aberatsentzako etxe orratzek haragitzen dute gaurko Georgiako hiriburua».