Iñigo Aranbarri.

Urmaela

2025eko ekainaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Fikzio on baterako osagai guztiak ditu albisteak.

Leganesen bizi da bikotea, Madril hegoaldean. 76 urte ditu emakumeak, 83 gizonezkoak; biak eri handi. Biek dute alzheimerra, omen. Astelehenean, tipi-tapa, oinez hasi ziren. Helburua, inguruetan dagoen urmael edo putzu batera heltzea. Izan ere, bero errea egin zuen Leganesen goizetik. Ondo egongo ziren ur ertzean, arbolapean. Nork daki, txontak, kardantxiloak, argi-oilarrak ikusiko zituzten pinu artean; baita belatz edo okilen bat ere agian. Hala esan ohi da, okila kantuan entzunez gero, euria egiten duela. Eta zerbait behar bero sapa hartan.

Hasi dira oinez urmaelerantz. Igaro dituzte kaleak eta etxe arteak. Agurtu dute jendea. Utzi dituzte atzean azken orubeak eta beroa gero eta itogarriagoa da. Ordu bietan, suhiak gaztigua larrialdietara. Sei ordu dira pasieran atera direla, ez dutela arrastorik. Zanga baten barrenean aurkitu zuten gizona; dron baten laguntzaz, eremu gorri batean emakumea. Onik daude biak, omen. Putzurik ez da, ordea, inguruetan. Berak gazte zirela bai, bazen, baina denborak irentsi du. Egun, bien gogo zaurituan baino ez zegoen ametsa.

Ipuina nondik nora osatu pentsatzen ari naizela, atoan etorri zait: politikan, ez zaigu Leganeseko adineko biena gertatzen ari? Ospitalean indarberritzen ari zirela, laurogei urte bete zituen Eddy Meckxek: «Oso lagun nintzen Perurenarena. 'Gora Euskadi askatuta!'; 'Gora gu eta gutarrak!'. Oraindik gogoan dut, e! Lazkanok erakutsi zidan eta pelotoian deiadar egiteko eskatu, Tourra Espainian sartu zen etapan. Guardia Zibilak atxilotu egin nahi ninduen!».

Oinez ez ahaztuagatik, urmaela gure garai bateko gogo-printzetan baino ez balego?

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.