Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Usurpazioa

2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Ana eta Rosa Iziz Elarrek oso liburu interesgarria kaleratu dute Txalaparta argitaletxearekin, XIX. mendeko Euskal Herriko emakumeen gainean. Lehengoan Gara egunkarian egiten zieten elkarrizketan esaldia utzi zuten: «XIX. mendea beltza izan zen Euskal Herriko emakumeentzat». Esango nuke, tamalez, gure arbasoak ez zirela salbuespen izan eta mende gorria izan zela emakume (ia) gehienentzat. Mende horretan bizi izan ziren literatura zaleek maite dituzten hiru ahizpa idazle: Charlotte, Emily eta Anne Brontë. Ez, ez zuten bizitza erraza izan. Denborak, zorionez, aitortu die euren literatur lanen maisutasuna: Jane Eyre, Gailur Ekaiztsuak, eta Agnes Grey. Ezin izan zituzten lanok euren benetako izen-abizenekin sinatu, eta gizonezkoen izenak hautatu zituzten: Currer Bell, Ellis Bell eta Acton Bell.

Tankera honetako adibideak hamaika dira emakume idazleekin, eta okerragoak ere bai.XX. mendearen hondarretan, esaterako, Joanne Rowling-i gomendatu zioten Harry Potterren gainean idazteko osterantzeko izena erabiltzeko, emakumezko batek ez zuela arrakastarik izango; hortik J.K.Rowling-ena.

Gutxietsiak, mespretxatuak, baztertuak, mututuak izan dira emakume sortzaileak aspalditik; bestelako bideak aurkitu behar izan zituzten lanak kaleratzeko eta zelanbaiteko aitortza izan zezaten. Hori, onenean.

Espainian dirurik gehien duen saria da Planeta. Carmen Molak irabazi du; gaitzizen bat, hiru gizon ezkutatzeko (Mola abizena aukeratzea ere!). «Testua nork idazten duen, ez dauka garrantzirik»,diote elkarrizketa batean. Jakina, ez du, ez; izaten duen arte. XIX.ean emakumeek beste biderik ez zuten aurkitu euren sormen lanak kaleratzeko. Molatarrek, berriz, gehiago saltzeko. Laburbilduz. Usurpaziorik ez du ikusten nire lagun batek (gizonezkoa), hamaika arrazoi eman arren. Erabaki dut energia gehiagorik ez xahutzea. Batzuetan, ez du merezi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.