Iñigo Aranbarri.

Utikan euria

2024ko otsailaren 25a
05:00
Entzun

Hiru dira publizitatearen helburuak, urrezko arauaren arabera: informatzea, konbentzitzea eta gogoan geratzea. Zer proportziotan nahastu behar diren kanpaina perfektua erdiesteko, horixe ez dakit, baina susmoa dut erakundeen kasuan ez lukeela azkenak izan beharko muntarik handiena.

Kataluniako gobernuak zabaldu du: «Kataluniak ez du euri beharrik izango 2030ean». Horra informazioa xehe-mehe: Bartzelonako eskualdeak 400 hektometro kubo ur kontsumitzen ditu urtean. Horietatik erdiak itsasoko ura gezatuta, erabilitakoa leheneratuta eta putzuetatik aterata lortzen omen dira. Aurten, bi tratatzegune handituko omen dituzte. Datorrenean, bi berri sortuko; 2028an Torderako gatzgabetzeko instalazioa handituta eta 2029an Foixen beste bat eraikita finituko da egitasmoa. Horra nola obratuko den euririk gabe bizi ahal izateko miraria.

Konbentzitzeko eman diren datuak guztiak, harritu gabe inor gutxi uzteko azalduak. Izan ere, lanak ditu sinesten; batetik, nola har dezakeen Govern-ak Katalunia osotzat Bartzelonako metropolia eta, bestetik, nondik datorkeen itsasokoa ez den ur guztia, zerutik jautsia ez bada.

Kanpaina gogoangarria gertatuko dela, horixe dut garbi. Eta ez Bartzelonaz landako katalanen eta lurra lantzetik bizi direnen akorduan soilik. Klima hondamendiaren aurrean basoak, soroak eta ekosistemak euri urik gabe bizi daitezkeela iradokitzeak Madrileko Diaz Ayuso presidente hamaikatan zafratuaren pareko ausardia politikoa erakusten baitu.

Ezjakintasunak baino burugabekeriak harrotutako apustua. Baten batek pentsatu, beste batek eskatu, hurrengoak sortu eta azkenean auskalo nork onartu, ordaindu eta jende aurrera lotsarik gabe atera duena. Dioenak dioelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.