Goizalde Landabaso

Venezia

2025eko uztailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Tiziano Scarpak Venezia arrain bat zela esan zuen hiriaz idatzitako gidan. Nik Venezia bisitatu ostean irakurri nuen, eta orduantxe jabetu nintzen hiria ezagutu gabe itzuli nintzela. Zer da hiri bat ezagutzera goazenean ikusten duguna? Marketin iragarkietatik gora, non daude benetako hiri bazterrak? Turismo errelatoak egiten dizkigute gu ere iragarkietan bezala senti gaitezen. Philipp K. Dick plagiatzen ari dira esperientziak salduz, Total Recall filmean bezala. Hau ote gizartearen infantilizazioaren beste adibide bat?

Munduko gizon aberatsenetako batek erabaki du Venezian ezkondu nahi duela, eta hiri zoragarria okupatu dute egun batzuetan, bikote maiteminduak (honetan, gaur, ez naiz sartuko) eta OPI gonbidatu andanak. Veneziarrak oso haserre agertu dira aberatsaren okupazioarekin. Beste gauza askoren artean, hegazkin pribatu mordoa azaldu da hirian. Klima aldaketaren aurka daude, noski, baina Grouchok bezala, egoeraren arabera beste printzipio batzuk dituzte. Tira, aberatsak beste kontu bat dira. Gizaki batek izan lezakeen aberastasuna mugatu beharko litzateke? (honetan ere ez naiz gaur sartuko). Jet pribatuekin eta okupazio couché-arekin eragindako eragozpenak samurtzeko, ezkondu berriek hiru miloi euroko eskupekoa eman diote Veneziako populuari. Lau txakur txiki giza baliabideak lasai egon daitezen.

Beti itzuli nahi izan dut Veneziara, baina ez dakit egingo ote dudan. Kale galdu hartako taberna zaharra, dagoeneko, aldatua egongo da, eta pizza-leku sinple hura souvenir tokia izango da. Gu egiten gaituzten gauzak galtzen ari gara; gu gara galeraren eragile eta biktimak, aldi berean. Agian ez naiz beste inoiz Veneziara itzuliko Venezia, honezkero, desagertu delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.