Hedoi Etxarte
LARREPETIT

'Via crucis' bat norberarena

2023ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Sarritan entzun izan dut bizitzako pasarte mingarriekin bi gauza gertatzen direla: aurretik kendu ezin izateraino iristen den presentzia baten itxura hartzea ala betirako ahaztea.

Joan den asteburuan, duela hiru urte izugarri gozatu nuen LP bat topatu nuen etxeko bilduma txikian. Zeharo ahaztu eta ordutik ikusi gabeko binilo bat zen. Etxean ez dauzkagu ale asko-asko ere, lau dozena agian; batzuek oso kaxa nabarmena daukate, kartoizkoa eta gogorra,beste batzuk galdu egiten diranabarmenen azpian. Eta horien artean, ezkutuan zegoen Raitxen Abereek erantzungo balute.

Gero eta konbentzituagoa nago daukagun guztia (bertute txikienetik porrotak ekartzen dizkigun dinamika mental nabarmenenetara) aurrekoengandik jaso ditugula, sarritan gure bizitza, mitoetan bezala, aurretik dagoela idatzia. Hil diren arbaso batzuengandik jaso nuen nik urtean garai bat ilunez margotzeko joera. Nire via crucis-a urriaren zortzitik abenduaren hemezortzirakoa izaten da. Kasualitatez, eta berez garai ilun horrekin inolako loturarikgabe baina bi egun horien artean ikusi nuen Raitx, Joseba B. Lenoirrekin. 2020an gertatu ziren gauza asko geratu dira, bestela ere ezkutuan; urte hartan argitaratu ziren liburu batzuekin ere gertatu da.

Eta orduan jabetu naiz, kontzertu haren binilorik izango ez banu, ahaztutakoaz ez nintzela, segur aski, sekula gogoratuko. Eta basamortuko zeharkaldi bat ezin dela egin, mingarria denaren ingurukoa ahaztuta. Rafael Argullolek esaten zuen basamortuko zeharkaldia tranpaz josita dagoela, galdutako oasien bidean irudi mingarriak ikusten ditugula, iseka egiten diguten ispilatzeak. Baina ispilatze latzena ere ez dela aldamenean dauzkagun galderak baino krudelagoa. Benetako bakardadea galderek sortzen dutela: «Noiz hasi zen zeharkaldia? Zergatik? Noiz amaituko da?». Azkenean, zeharkaldia ez dela, kristauentzat Aste Santua bezala, bi egunen arteko zerbait, dela galderek iraun bitartean bizi dugun zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.