Josebe Iturrioz.
Larrepetit

Zaborra

2013ko otsailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Izenburu horrekin, oraintxe bertan, edozein izan zitekeen aukeratutako gaia. Baina, oraingoan, ez naiz ari metafora bat erabiltzen. Hau da, zaborraz arituko naizela diodanean, ez naiz ari ez Marianotaz, ezta CANi buruz ere, nahiz eta zabor hitzak deskribatzen dituen ongien pertsonaia eta gertakari horiek. Ez, oraingoan, benetako zaborraz ari naiz, poltsetan pilatzen dugun zabor horretaz. Hau da, sortzen ditugun hondakinei buruz ari naiz.

Askotan irakurri izan dut zein larria den zaborren kontua. Izan ere, itsasoan pilatzen da, izugarrizko masa puskak sortuz. Esaten dutenez, Afrikako herrialde askok gure zaborra tonaka erosten dute, eta gure hondakinen artean aurkitzen dituzten elementu birziklatuez bizi dira. Gure talka ekologikoa kanporatzen eta ezkutatzen benetako profesionalak gara. Aurreko astean, Madrilgo unibertsitate ospetsu bateko ikerlari talde batek idatzitako artikulu bat jaso nuen. Hor, zera ondorioztatzen da: errausketa instalazioetatik gertu bizi diren pertsonek minbizia izateko probabilitate handia dute.

Niri, ondorio hori agerikoa iruditzen zitzaidan, baina, artikulu horretan, datuen saltsa itzel bati esker, ziurtatu egiten da begi bistakoa dena: pertsonak eta, oro har, gure mundua erailtzen du kutsadurak. Horregatik kezkatzen naute Gipuzkoan, Atez Ateko eztabaidan erabiltzen diren argumentu batzuk. Hain zuzen ere, estetika eta erosotasuna uztartuz sortzen diren atez ateko kontrako argudioez ari naiz. Hau da, «itsusia da, denek ikus dezakete zure zaborra». «Ez da erosoa. Zenbat ontzi dira beharrezkoak etxean zabor guztia antolatzeko?!».

Bai, nik ere nabaritu dut. Segur aski, niretzat ere, oraingo zabor bilketa erosoagoa izango da, baina ez dakit estetikoagoa den. Bai, kostatuko zait nire zaborra antolatzea eta ordutegiak betetzea. Arauak betetzea kosta izan baitzait beti. Baina, gutxienez, onartzen dut: arazo itzela daukagu zaborren kontuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.