Kafetegian zegoen Rodolfo Walsh gaztigua jaso zuenean: «Fusilatuetako bat bizirik dago». Hala ekin zion ikertzeari, eta tiraka, bat ez, zazpi fusilatu aurkitu zituen, sei hilabete lehenagoko triskantzatik bizirik atera zirenak guztiak. Aramburu jeneralaren kontrako jaikialdian ibili zirelakoan, Buenos Aires alderriko zabortegi batera eroan zituzten eta bertan, gau-bihotzean, tiroz josi. Haien lekukotzez eta bestelako materialez osatu zuen Walshek 1957an, kazetaritzaren eta literaturen artean labainka, Sarraskia Operazioa, aurreneko «ez fikziozko nobela».
1990ean, ETAk Jose Luis Hervas guardia zibila hil zuen Irunberriko arroilan. Hiltzaileak harrapatzeko operazioan, etakide bat zauritu zuten. Hilik agertu ziren beste biak hurrengo egunean. Susana Arregik eta Jon Lizarraldek «beren buruaz beste» egin zutela zabaldu zuen bertsio ofizialak. 32 urte eta gero, Pako Aristi idazle eta kazetariari egin zioten proposamena Oñatiko Gure Bazterrak elkartekoek, ea sakonago ikertuko zuen orduan gertatua eta forma egokia emango ondorioei. Lan horren emaitza da Irunberri, 1990: Arroilaren negarra, Corcuera ministroaren bertsioa goitik behera gezurtatzen duen lana, herritar askok luzaroan izan duen susmoari hitza eman diona.
Bistan da, ezin pareka daitezke erabat bi kasuak baina, era berean, antzekoegiak dira inor bare uzteko. Izan ere, nola ezagutuko zen Jose Leon Suarezeko zabortegian gertatu zenaWalshek kontatu izan ez balu? Zergatik jo behar izan da berriz ere, mende heren ostean, idazle batengana Irunberriko hilketak argitzeko? Zergatik ez ditu administrazioak berak, ofizioz, argitzen boteretik eragindako mila eta bat krimenak, kutsu politikoa izan edo ez?
Madame Stael-ek zioen Schiller-engatik: «Kontzientzia du musa». Horra estatuak berea behar lukeen leloa baina, arrakalarik gabea agertzearren, berak hildakoekin batera zabortegian estali duena.

LARREPETIT
Zabortegian aztarrika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak