Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Zaindu maite duzun hori

2016ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Duela egun batzuk jakin dut New York kafetegia itxi egin dutela Bilbon. Leku atsegina zen. Beirate ederrak eta mundua geldotzeko gaitasuna gogoratuko ditut. Hiriak aldatzen ari gara. Gu, euskal herritar harrook gure pertsonalitatea behin eta berriro, hemen eta han, goraipatzen dugunok. Guk ere geure burua suntsitzen ikasi dugu. Dagoeneko jaio nintzen eraikina bota dute, etxe dotoreak egiteko. Marco Tulio Ciceronek duela milaka urte esan zuen bere historia ahazten duena errepikatzera kondenatuta dagoela. Hiriak zirriborratzen ari gara, lausotzen, globalizatzen zentzurik okerrenean. Turismoari begiratzen diote gure hiriak kudeatzen dituztenek. Pertsonalitatea eraisten ari dira, eraldatzen, gu geutasuna zeharo desegiten. Zergatik ez dugu geure burua maite? Norbere jantziak maite ez eta besteenak janzten dituen hiriak zer erakutsiko dio datorrenari beste edozein hiritan aurki lezakeen gauza bera badago? Zelan azalduko diogu hurrengo belaunaldiari (eta hurrengoari eta hurrengoari) nor ote ginen eta zer garen? Lagun batek kontatu dit Portugalgo nazioarteko musika jaialdi batera joan zela eta harritu zuena izan zela nazioarteko adina Portugalgo musika talde zituela jaialdiak. Hots, nazioartekotasun hori aprobetxatzen zutela bertakoa munduratzeko, bertaratzen zirenei zer diren erakusteko. Irakurle maitea, guk kontrakoa egiten dugu. Kanpokoari dagoeneko baduena ematen diogu, etxean bezala senti dadin. Ez dakit datozenek zer bilatzen duten, baina ni kanpora noanean ez dut etxea bilatzen; bai, berriz, leku ezberdin bat, kultura ezberdin bat, pertsonalitate ezberdin bat. Ni ez naizen beste bat. New York ixtea ez da kalte handia (txokolatea beste nonbaiten hartuko dugu), ixtearena joera orokorra izatea da kalterik handiena.

Globalizazioak ezberdina den hori eskuragarriago izateko, elkar ezagutzeko bideak errazagoak izateko balio beharko luke, eta ez klonak diren hiriak sortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.