Baxoan euskaraz idaz/ dezala ikasleon lumak/ helduentzat kurtso duinak/ eta baliabidedunak/ haurrentzat udalekuak/ zuri berde gorridunak/ beste biderik ez dago/ segi borrokan lagunak/ ez dugulako izan nahi/ postaleko euskaldunak/ politika eraginkorrak/ dira behar ditugunak/ euskaraz izan behar badu/ guztion etorkizunak. Haira Aizpurua saratar bertsolari gaztearen hitzak entzutean oilo-ipurdia jarri zitzaidan. Ingurura begiratu nuen, guztion etorkizuna aipatu zuenean. Guztiok. Esaten zein erraza den, eta ustez zein erraza hitz horren esanahia ulertzen; baina nor gara guztiok? Euskal Herriak badu benetako guztiok bat?
Manifestazioek zerbait polita badute, bertan aspaldiko ezagun eta lagunekin topo egiten duzun unea da; parrandak atzean gelditu zirenetik, gainera, horrelakoetan bakarrik egiten dugu topo jada askorekin; are gehiago, horietako batzuk horrelakoetan ezagutu genituen. Larunbatean, ordea, nahi baino aurpegi gutxiago ezagutu nituen; eman nituen besarkada apurrak estuak izan ziren arren, gehienok ez zeundeten han. Batzuk ez dira sekula egoten eta ez nituen espero, baina beste batzuk bai, eta ez zeundeten han.
Lapurdin bizi den lagun hauetako batekin egin genuen topo eta hizketaldia hasi orduko bota zigun gezia: ikusi zuela berriz ere gure hezkuntza-lege gatazkan lokaztuta genbiltzala. Gure-k EAEko herritarrenak esan nahi zuen, alegia. Hegoaldean Hezkuntza Lege berria dela eta ika-mikan gabiltzan bitartean, Iparraldean ezindituztelako azterketak euskaraz egin. Egoera izugarri larria bizi dute gure kideek, baina beste alde batera begiratzen dugu. GureEAEtartasunean bilduta bizi gara. Non zeundeten larunbatean Euskal Eskola Publikoa aldarrikatzen duzuen horiek? Non zeundeten ikastolaren proiektu nazionalaz harro jarduten duzuenok? Noiz ahaztu genituen Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa? Noiztik ditu Euskal Herriak hiru probintzia? Guztiok benetan guztiok izangoez bagara, borroka honek ez dauka zentzurik.

LARREPETIT
Zazpiak bat?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu