Gintonik moderno batek adina balio zuen lehengo eguneko kontzertuak. 100 lagun inguru batu ginen. Areto erdia bere ez zen bete. Ez da salbuespena. Tamalez. Esan eta esan eta aspertu arte esan dugu, baina beharbada, mozorroa kentzeko ordua heldu zaizu. Hortaz, hor zauden hori, lasai erantzi ezazu daramazun kultura geruza deseroso hori, eta ozen eta harroski esan: kultura bost eta bortz inporta zaizu. Herriak bazka nahi du, ez kultura. Izan ere ahalegin intelektual handiegia eskatzen digu kulturak, eta eman, zer ematen dizu? Ezer ere ez. Amos Oz idazleak arrazoi zuen: slogan garaian bizi gara. Eta? Zein da arazoa? Ezin gara slogan eroso eta plastiko batean bizi? Benga, esan ezazu lasai, behingoz, nik ez beste inork adituko ez dizun eremua sortu dugu eta. Kultura zinegotzi hark zioen bezala, gure kultura tabernak dira eta ez liburu edo diskoak. Are gutxiago, dantza edo poesia. Ta-ber-nak. Askapenerako tenorea ailegatu zaizu: garestiegia da eta gainbaloratuta dago kultura. Ez zara kultura ekitaldietara joaten, ez, eta aitzakiak asmatzen nardatu zara. Armairutik irten behar zara behingoz: kultura zuri bost, eta harro zaude. Ha-rro, Zea Maysen azken diskoa bezala.
Kultura da oparoaldietarako jolasa.Merezi du diru xahutze honek? Esan ezazu beldur gabe, armairutik kanpo zaude dagoeneko: ez. Ez du merezi.Australopithecus dei diezazukete, baina ez zaizu inporta, ezetz? Hobe australopithecus eta ez izaki aspergarria izan. Orain arte paparra gerturik izan duzu nahi beste txapa jartzeko, baina horretaz ere nazkatuta zaude. Aski da. Tabernen kultura, gogoratzen? Gintonika baino inbertsio hoberik bada?
Piztia eder eta izu hori, orain serio: utzidazu basamortu beroegi honetan arnasa hartzen, erori banaiz ere gorantz erori naiz, lasai. Pasatuko zait suminaldi hau. Irakurle estimatua, larrugorritan gauden honetan, serioski: nirekin deserriratu nahi duzu?

LARREPETIT
Zer egin zenezake zuk kulturaren alde?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu