Zihara Enbeita.
LARREPETIT

Zero ez da hutsa

2015eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Herritik kanpoko supermerkatu batean zenbait fruta, barazki, jogurt eta bestelako produktuek «0 km» pegatina dute soinean. Mugimendu gutxi dago zero kilometrotan, etxean bertan gelditzea da azken batean zero kilometroa, baina ez ordea geldi egotea, ezer ez egitea. Zero, kasu honetan, ez da hutsa. Betea da, esanahi handikoa, garrantzitsua oso. Aldaketa beharra dakar berekin, berriro zerotik hastea ere bai.

Izan ere, zoritxarrez aspaldi utzi genion erosi aurretik etiketak irakurtzeari. Aspaldi utzi genion jaten dugun horren osagaiak zeintzuk diren eta nondik datorren galdetzeari. Eta berdin bestelakoetan. Prezioaren etiketa da begiratzen dugun bakarra, eta horren arabera erosiko dugu bat edo bestea, leku batean edo bestean. Eta denda txikiak txiki gelditu zaizkigu preziorik merkeenaren bila. Eta ez da krisiagatik, ez da diru faltagatik, lehenagotik datorren kontua da. Lehentasunak bestelakoak dira, eta dirua beste gauza batzuetan xahutzea nahiago dugu askotan.

Ahaztu dugu «0 kilometro»-k gure etxe ondoan egina dela bakarrik ez, gure inguruko ekonomia suspertzen laguntzea esan gura duela, eta horrek zein prezio ote du? Horrek zenbat balio ote du? Egin dezagun ariketa ea gure etxean ditugun janari, xaboi, arropa eta enparauak nongoak diren ikusteko; eta berdin supermerkatuan. Dirutan aldea beti ez baita horrenbestekoa. Eta aldi berean aldea handia baita.

Janari ekologikoak ere ez dira beti salbuespena. Ekologikoaren etiketari begiratzen baitiogu lehenengo eta bigarrenik aukeratu behar izanez gero prezioari, munduko beste puntatik ekartzea ekologikoa balitz legez. Ezin denean ezin da, dirurik ez dagoenean ez dago, baina nik, aukeran, sasoian sasoikoa eta etxe ondokoa eta auzoan denda txikian erosia eta, gainera, ekologikoa bada, hobeto. Zuk zer diozu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.