Blanca Urgell
LARREPETIT

Ziminorik zaluenak

2023ko azaroaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Beti esaten diet ikasleei ez dagoela erabat ona edo erabat txarra den pertsonaiarik. Jakina, hizkuntzalari eta filologoei nagokie, ez genozidei edo politikari ustelei, adibidez.

August Sleicher-ek (1821-1868) uste zuen hizkuntza garatu, heldu eta azkenik gainbehera datorren organismoa dela. Beraren ideietan oinarritu ziren euskara mundu modernoan hiltzea saihestezintzat jo zutenak, hala nola Julien Vinson (1843-1926). Ez genuke pentsatu behar Vinsonek euskara gorroto zuenik: bere bizitzako urte mordoa eskaini zion euskal testu zaharrak aztertu eta argitaratzeari, etaharen euskal bibliografia zoragarria biltzeari (1891). August Sleicherrek, dena dela, bultzada handia eman zion indoeuroperaren berreraiketari (hizkuntza-familiak zuhaitz modura irudikatzeko era berea da). Gainera, balentria handi bat egin zuen—eta honegatik miresten dut—: Ardia eta zaldiak alegia idatzi zuen (1868), zerez eta indoeuroperaz.

Indoeuropera ez dago behin ere lekukotua: dakiguna berarengandik sortu diren hizkuntzen konparaketatik dator. Alegiarekin antzinako hizkuntza haren lexikoaz eta gramatikaz zekitena islatu nahi izan zuen. Harrezkero batek baino gehiagok berriz heldu dio erronkari, berreraiketan egindako aurrerapenen erakusgarri modura. Zirraragarria da entzutea (ikus Interneten), hasperenez betea.

Aita 1936an jaio zen, Ebroko gudua jasan zuten Catalunyako herrietako batean. Aitona Tomasek kontatu zion frankistek herrian sartu eta hainbat hiltzen zituztela, errepublikazaleek sartu eta beste hainbat, tartean herriko ezinikusiek eragin handia izanik nork nor hil zuen eta zergatik. Uste dut aitari zor diodala, bada, kantzelazioaren aurkakoa izatea, edo izaten saiatzea. Izan ere, kontraesankorrak gara berez, eta ahulak maiz. Baina ahula izatea ez da nahitaez txarra: ustez garbia, beti arrazoia duena eta zurruna izatea baino hobea bai, bederen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.