Hedoi Etxarte

Ziri gorria II

2025eko maiatzaren 31
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lisitski txundituta geratu zela Kazimir Malevitxek erradikaltasun estetikoarekin eta karismarekin. Era berean, xextra zen nagusi Petersburgoko futuristen artean.

Lisitskik figurazioa baztertuko zuen betirako eta iraultzaren osteko eszena artistikoan ezagun egiten hasi zen. Ez zen abangoardiako artistarik bere berezko diziplinetan lantzeaz gain teorikoki bere lana defendatzen ez zuenik. Hala aritu zen Lisitski ere, Suprematismoa eta munduaren sorkuntza (1920) testutik aurrera ere (Nani Balestrinik 1970etan erabilitako idazkera baliabideekin).

Lisitskirentzat Malevitxen Lauki beltza artearen garapeneko ezinbesteko katebegi bat izan zen, errealitate berrien oinarri. Perspektiba anitzak zeuzkaten planoak landu zituen, ardatz aldakorrak: koadroak, litografiak, artelan lauak eta bolumena zutenak, instalazioak... Arkitektura proiektuak egin zituen eta erakusketak diseinatu: ezin zen artea burgesiak zokoratzen zuen testuinguruetara mugatu, den-dena pentsatu behar zen berriro. Boladan zegoen konstruktibismotik haraindi joan nahi zuen Lisitskiren lengoaiak bere Prouns-etan. 1920an Moskura itzuli zen eta INJUK taldean sartu zen, estatuaren VJUTEMAS tailerretan, Artista Konstruktibisten Lehenengo Taldearen bulego nagusietan. Rodtxenko, Popova, Tatlin, Maiakovski. Auzia ekoizpena zen, masa artea eta arte utilitarioa, artista burgesek diseinatzaileei oparitu zioten hori: erabilgarritasuna, ispilatze burgesik gabe.

Hala iritsi zen Berlinera Lisitski 1922an SESBeko kultur enbaxadore gisa, erakusketak egitera, hitzaldiak antolatzera Rotterdam, Utrecht eta Hagan, Europako artista aurrerazaleak federatzeko asmoz. Weimarreko dadaisten kongresuan egon zen eta Bauhausekoekin. Cropius, Richte, Arp, Tschichold. Ilia Ehrenburgekin aldizkari bat eratu zuten orduko tendentzia artistiko ezberdinen artean solasaldia sustatzeko.

Dena zen goraldia 1923ko urrian tuberkulosia diagnostikatu eta Suitzako sanatorio batera bidali zuten arte. Sophie Küpers emaztearekin joan zen 1925era arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.