andoni egana
PLAZATIK

Laurogeita hiru urte

2015eko apirilaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bilera hartan egon nahi nuke laurogeita hiru urte atzera egiterik balego. Kataluniarrak—orduan ere— aurretik zihoazen eta galiziarrak ere bai. Diada 1889tik aurrera ospatzen zen eta Galiziaren egunak 1919an zuen abiapuntua.

Lehen Aberri Eguna egitea erabaki zuten 1932ko bilera hartan egon nahi nuke orain ez dakizkidan xehetasunak jakite aldera. Irudikatzen ditut orduko EAJko buruzagiak prestakuntza lanetan eta eztabaidan. Non eta noiz. Bilbo aukeratzea ez zen lanik handiena izango. Data hautatzea zen, segur aski, bihurriagoa eta esanguratsuagoa. Eta Pazko igandea aukeratu zuten.

Bilera hartan izan ez nintzelako irudika dezaket norbait Easter Rising delakoa aipatzen, Britania Handia Europako Gerra Handian despistaturik harrapatu eta zerbait lor zezaketela sinetsita, zorte txarra ere lagun, asmo on eta ondorio gaiztoko 1916ko irlandarren matxinada hura. William Butler Yeats poetak «edertasun lazgarri bat sortu da» idatzi zuela gogoraraziko zuen beste norbaitek eta akaso Lizardi aipatuko ospakizunari distira ematearren. Besteren batek gogora ekarriko zuen astebete iraun zuen matxinaldia Pazko astelehenez hasi zela eta data egokia zela Pazko jirakoa, hamasei urte lehenago hildako haiei esker Irlanda independentziara bidean gero eta tinkoago baitzihoan. Norbaitek erantsiko zuen astelehenak astelehen igandea zela borobilagoa Aberriaren egun izendatzeko.

Bilera hartan izan ez nintzelako ez dezaket ziurta Easter Rising zelakoa ez zitzaiola inori burura hurbildu ere egin. Baina irudika dezaket nola norbaitek Aberri Eguna abian jartzearen premia azaltzeaz gain, Pazko igandea aipatu zuen. Esanahi berezia zuen egunak: Kristoren Berpizkundearen antzera, bazetorren Aberriaren Berpizkundea ere. Aberri Eguna Pazko egunez jarrita, jeltzaleen katolikotasunaren bereizgarria nabarmendu egingo zen gainera, Bigarren Errepublikaren zale asko hain katolikoak ez ziren garai hartan. Eta bihotzondoak ukitu nahian edo, beste norbaitek esango zuen zabaldu egin behar zela eta jakitera eman, Luis Arana Goiri eta Sabino Arana Goiri anaien arteko elkarrizketa ospetsua, non anaia batak besteari ulertarazi zion ez zela espainiarra, bizkaitarra eta euskalduna zela soilik, Pazko igande batez gertatu zen hain juxtu. Luisek eman zion ohean gaixorik zetzan Sabinori bere «deskubrimenduaren» berri eta geroztik Sabinok bedeinkatu egin zuen argi-izpia ikusarazi zioten eguna. Ez nintzen bilera hartan izan ordea, eta ez dakit ze burubide izan zituzten. Sumatzekoa da, behinik behin, lehen Aberri Egun hartako manifestazio isilerako 60.000 lagun biltzeko zenbaterainoko antolakuntza gaitasuna zuten.

Gerokoak badakizkigu bilera hartan izan ez ginenok ere. Hurrengo urtean, 1933an, Donostian ospatu zen Aberri Eguna. Atotxako futbol-zelaian bildu ziren hainbat mila lagun eta hizlari izan ziren, besteak beste, Jose Antonio Agirre eta Telesforo Monzón. Gasteizen txanda izan zen hurrengoa, eta Mendizorrotzan jarri zuten mitinerako hitzordua. Han zen Manuel Irujo. Eta 1935.ean, hiriburuen logikari segituz, Iruñera deitu zuten Aberri Egunerako. Azken hamarraldi luzeetako logikari segiz era berean, ez zaigu harrigarri gertatzen Nafarroako Diputazioak lehenik eta Madrilgo Barne Ministerioak gero bilera birritan galarazi izana eta huraxe izatea Pazko igandez egin ez zen Aberri egun bakarra. Ekainera atzeratu behar izan zuten, kalean ospakizunik ez zela izango ziurtatu eta «Euzko Eguna» izenburupean mozorrotu.

Horiek jakineko kontuak dira. Lehen bilera hartan egon nahi nuen nik ordea. Ordukoak jakin oraingoak hobeto ulertu ahal izateko. Aberri egun bakoitza ez dadin beste bat gehiago izan. Aurtengoak sikira, non eta Nafarroan indartsuago, badu hurrengoa desberdina izango ote den itxaropen usainik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.