Imanol Murua Uria.
Handik eta hemendik

Legeztatze arriskutsuak

2012ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Adolfo Suarezen gobernuak Espainiako Alderdi Komunista legeztatzea erabaki zuenean, «benetako estatu kolpea» zela erantzun zuen Manuel Fragak, hil arte PPko ohorezko lehendakari izan denak. «Tamaina historikoko akats politikoa» eta «zilegitasuna nahiz legaltasuna hautsi dituen fartsa juridikoa» zela adierazi zuen APko presidenteak 1977ko apirilaren 11 hartan, gerora demokraziaren defendatzaile sutsu eta Santiago Carrilloren lagunik onena bilakatu zenak. 35 urte geroago, Fragaren alderdikide gazte bat kexu zen, ETB2n Klaudio Landak zuzentzen duen tertulian, frankismoagatik kontuak eskatzen dizkiotelako «oraindik» bere alderdiari. Hori bai: Sortu alderdiaren legeztatzearen aurka mintzatzen ari zen PPko tertuliakidea, bere aitapontekoa duela 35 urte PCEren legeztatzearen aurka bezalatsu.

Mariano Raxoiren gobernuak, gutxienez hiru ministroren eskutik, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren aurka dagoela adierazi du, Sortuk legez kanpo beharko lukeela bere iritziz eta, gainera, aurrerantzean zaintzapean izango duela, zer gerta ere. Argi eta garbi esan dute ministroek esan beharrekoa, beraiengatik balitz Sortuk katakonbetan jarraituko lukeeela zabaldu dute lau haizeetara, baina zalantza: Auzitegi Konstituzionalak Sorturi buruzko erabakia orain hartzea (auzitegia berritzeko eta, beraz, kontserbadoreago bihurtzeko atarian dagoenean) eta erabaki duena erabakitzea eragozteko bere esku dagoen guztia egin ote duen Raxoiren gobernuak. Alegia: justiziaren independentzian sinestea euroaren sendotasunean sinestea bezain zaila den garaiotan, egia ote da Auzitegi Konstituzionalak, estatu arazo honetan hain zuzen, Gobernuaren irizpidearen guztiz kontrako erabakia hartu duela? Politikak beti eduki du antzerkitik.

Mayor Oreja eta haren sokakoei buruz, aldiz, zalantzarik ez. Ahoa zabaltzen duten bakoitzean erakusten dute, aspalditik, euren borroka ez zela ETAren indarkeriaren aurka, euskal abertzaletasunaren aurka baizik. Mayor Oreja: «Erabaki honek ez dakar normalizazioa, baizik eta ETAk bere helburuak betetzea». Carlos Iturgaitz: «Terroristen alderdi bat legeztatu dute eta, gainera, Euskal Herriko hurrengo hauteskundeak irabaz ditzake, Espainia hausteko helburuarekin». Regina Otaolak ere ikusi du: «Orain Sortu bada, nork ziurtatzen digu hurrengo batean ez dela independentzia izango?». Hamar psikologotik bederatzik gomendatzen dute: independentista bazara, irakurri noizean behin Mayor Orejak, Iturgaitzek eta Otaolak zer esaten duten. Garaipenaren atarian zaudela sinetsaraziko dizute.

Harrigarria da etsai amorratuenari garaipena aitortzeko seta hori. «Alderdien Legearen uztaian barrena pasarazi ditugu», «Espainiako demokraziaren legaltasuna onartu behar izan dute azkenean» edota «Poliziaren eta Guardia Zibilaren lan eskergari buruz amore eman dute» esan zezaketen. Baina nahiago dute «ETA» irabazten ari dela aldarrikatu, hain zuzen ere, beraiek ETA esaten dioten hori, independentismoa, harrigarria zaien indarrarekin abiatzen ari baita ETArik gabeko garaian. Horretan arrazoi izan dezakete.

Fragaren beldurrak ez ziren azkenean bete. Carrillok ez zuen agintea hartu, piperpotoa ez zuten bandera errepublikanorekin ordezkatu, diktadoreak izendatutako oinordekoak errege jauregian jarraitzen du eta sobietarrek ez zuten base militarrik jarri Bardean. Baina historia ez da beti errepikatzen. Ederra da pentsatzea kezkatzeko arrazoi gehiago izan dezaketela, 35 urte geroago, Fragaren oinordeko zintzoenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.