Iñigo Aranbarri.

Leizarraga Bunny

2026ko maiatzaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espero gabeko zaleak atera zaizkio Bad Bunnyri. Autotunea, reggaetoia edota trapa lar maiteak ez izanik ere, musikaz gaindiko ikonoa da dagoeneko. Otsailean Kalifornian jokatu zen Super Bowleko showaren ostean, Hispanitate guztiaren ikur da Untxi Gaiztoa Puerto Ricotik Espainiaraino, Donostian barrena.

Egun hartan, Jesse Owens bihurtu zen Bad Bunny. Urrezko lau domina irabazi zituen Alabamako atletak 1936an, Hitlerrek Berlinen zuriak gehiago zirela erakusteko beren-beregi antolatutako Olinpiar Jokoetan. Espero gabeko ostikada beltza supremazismoaren popa zurian. Super Bowlaren atsedenaldian, sutan atera zen ostera ere Hitler. Herrialdeari emandako masailekoa izan omen zen Bunnyrena, ikuskizun lotsagarria, «inork ez du morroiaren hitz bakar bat ulertu». 

Harroago dabil ordutik Hispanitatea. Ez Estatu Batuen kontra, ezta bereziki Trumpen kontra ere. Espainolean eta kultura latinoan erroturiko harrotasuna da, buruz buru mintzatu nahi zaiona supremazismo anglofonoari. Eta aparraldi betean, nola ez, atarramendua atera gura metropoli zahar elebakarrak. Etekin politikoa nahi fusio latinoari, disimulurik gabe orain hamarkada batzuk TVEn espainolak 300 milioi zirela zioenak. 

Oraingoan Athleticek kamisetaren aitzakian ekin dio; Sabino Aranak Larrazabaleko txakolindegian izaniko eldarnioaren lurruna omen Euskal Herria. Horra bestelako identitate kultural partekaturik onartzen ez duen Hispanitatea onenak ematen. Ameriketan jatorrizko 500 hizkuntza mintzatzen direla ezkutatzen duen lobbyaren katedra, orain lau mende eta erdi Euskal Herria definitzen ausartu ziren Leizarraga, Lazarraga edota Axular edota etakidetzat dituen elebakarkeria laranja, zeina oportunismo hutsez bildu den orain Bad Bunnyren fenomenora. Egia du Trumpek, inork ez du untxiaren hitz bakar bat ulertu: «Bestelakoa sentitzen bazara, hala zarelako da. Ez egin uko horri». 

Horra menostua menostaile. Biribila litzateke gure arrazoiketa garbi bagenu hizkuntzak batzen gaituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE