Gure kasuan hala gertatzen da, lan modu horretara ohitua ez dagoenarentzat paradoxikoa badirudi ere: loturak eskaintzen digu askatasuna sortzeko garaian.
Doinu-neurri-errimatara esana ekartzera behartuta egoteak eman gehiago egiten digu kendu baino. Sormen unean gure garun-orria zuria da, baina ohituraren ohituraz ikasi egiten da nola hasi zirriborratzen. Aski dugu hitz bat, esaldi mutturren bat, ideiaren bat artean ez nahikoa garatua... loturak sortzen dizkigun oztopoak lagun bihurtu eta gure diskurtsoari ekiteko. Hesiek askatzen digute sormena, larri esanda; peaje jakin batzuetatik pasatu beharrak (doinu-neurri-errimaren baldintzak) nahi dugun huraxe ez zehazki, baina esan nahi genukeenera hurbiltzen laguntzen digu galarazi ordez.
Honakok edo halakok eskaturik, enkarguz, abestietarako letrak egin izan ditudanean lau kasu motarekin egin izan dut topo: doinua eta ideia emanda heldu zaizkidanak, doinua emanda gaia libre iritsiak, gaia eman eta doinurik gabeko enkarguak eta ez doinu eta ez gai eskatuak. Azken kasua gertatzen zait zailen. Ez gai eta ez doinu, dena libre, lotura handia da. Gaia eman eta doinurik gabeko eskaerei erantzuteko orduan, paper zuria eremu zabalegia zait eta eremu hitzak bere jatorrizko esanahia berreskuratzen du. Nahiz gaia libre izan doinua ematen badidate, doinuak berak izango du koloreren bat, iradokiko dit zerbait... eta, gainera, haren luze-laburrera makurtu beharko dut esana. Errazagoa da niretzat. Eta lotuen dirudien kasuan aritzen naiz askeen: doinua eta ideia, biak, norbaitek inposatuak direnean. Badakit sortzaile ez den batentzat axaleko kontuak diruditela, baina badu zerikusirik egunotan berri izan den albiste batekin.
Bob Dylani Literaturako Nobel saria eman diotela eta sortu den eztabaidan ez nuke sartu nahi, eta, are gutxiago, merezimenduen alor labainkorrean. Baina gustura jakingo nuke zein den bere sortze prozesua. Jakingo nuke gustura nondik abiatzen den, eta baita abiapuntua beti bera duen ere. Arestian aipaturiko zein esparrutan sentitzen den erosoen sortze garaian. Hesipeko letrak diren bere onenen horiek, edo-ta aske idatzi eta gero doinuz hesituak. Jakingo nuke, bat-bateko bertsolarioi gertatzen zaiguna gertatzen zaion, edo juxtu kontrakoa. Alegia, askatasuna zaiola askatasun, eta ez lotura. Lotura askatasun gertatze hori ez da ematen bat-bateko bertsolarion kasuan bakarrik, antza. Gurtel auzia dela eta, Correa jaunaren erretolikak eskaintzen digu beste adibide bat. Eskumuturrak loturik edukitzeak askatu dio mihia nonbait. Den-dena irudietan ematen duten sasoiotan, harrigarri gertatzen da zenbateko naturaltasunez kontatzen duen noiz, nola eta noren babesean burutzen zituen lapurretak. «Poesia» hitza baino nahiago izan dut beti «kondentsazio poetikoa» esamoldea erabili. Hertsi hartzen da bata, zabalagoa da bestea. Correak «kondentsazio politikoa»-ren esamoldea asmatu du. Eta, horretarako, ez du behar izan ez metafora, ez anafora, ez epanadiplosi ez katakresirik. Aurpegia aski dela erakutsi du.
Correaren kasuan ez bezala, lotura askatasun bihurtzen duten beste batzuk miresmena sortzen didate. Pertsona edadetuei buruz ari naiz. Segadunaren ezinbesteko bisita derrigorrez hurbil sumatzen dutelarik, edadetu asko hasten da beldurrak eta zeresangoak atzendu eta egia biluztuak kontatzen. Hortzik ezak aho-bizarrik ez izateari asko laguntzen dio nonbait.
Eta Gobernuen osaketan ere loturak askatasun behar luke. Erkidegoko Gobernuaren osaketari dagokionez, Bizkaian batera edo bestera dantzan ibili zen legebiltzarkide bakar horrek hartu duen alderoa hartu izanak, Jaurlaritza berria askotariko konponbide eta paktuen bila jotzera derrigortuko du. Lotura hori askatasuntzat jotzen ez duenak badu, sakonenean, arazo bat.

PLAZATIK
Lotura askatasun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu