Duela hogeita sei urte antolatu zuen orduan artean Bertsolari Elkartea zenak —gerora Bertsozale Elkarte izango ginen— lehen bertso txapelketa. Ordu artean Euskaltzaindiaren esku zegoen eginkizun hori baina bertsolarion ustea zen geure esparrua geuk antolatu behar genuela. Ibilbidearen hasiera-hasieratik konturatu ginen ez zela samurra izango antolaketa lana, herri honetan edozer huskeriarengatik sortzen baitziren kriki-krakak eta xextrak. Orduko hartan, Euskal Herriko bertsolari txapela nork ipini izan genuen tupustaldia. Eusko Jaurlaritzak Ardanza lehendakariak ipintzea nahi zuen eta horretan tematu zen. Guk, bertsoarekiko harreman handiagoa zuen norbaiti eskaini nahi genion ohorea eta On Manuel Lekuona geneukan begiz joa. Azkenean, geureari eutsi genion eta Belodromoan azpeitiar handia umil makurtu zitzaion oiartzuar jakintsuari. Bageneukan jada Erakundeekiko harremanean aritzeko urteetarako goiburua: tinko arituko ginen, baina ez piper.
Tinkotasun horrek eraman gaitu Jaurlaritza edo Foru Aldundiekin nahiz tokian tokiko Kutxekin aldi batzuetan adostasunera eta besteetan desadostasunetara. Ez dugu inor gurasotzat hartu eta ez gara haren iganderoko paga-rekin soilik konformatu. Berdinetik berdinera eta unean uneko hitzarmenak egitera jo dugu, horrek alde bietara eskubide eta betebeharrak sortzen dizkigula jakitun. Eta ez pipertzeak ekarri digu jokamolde bat, luzera eta sakonera tinkotzen garenean zerbaitengatik tinkotzen garela sinetsarazten duena. Hobe baita tinko eta ez piper aritzea, piperraldiak izan eta tinkotasuna galtzea baino.
Jardunean ikasiz joan garela esango nuke. Bistakoak ez diren bilera eta gainerakoetan sor daitezkeen arazoak hurrengo bileretan konpon daitezke. Bistako ekitaldiek, azken batean garrantzirik handiena ez duten haiexek, sortzen dituzte oraindik ere zeresanak. Baina ez gaitu inoiz ustekabean harrapatu horrek, Ardanzaren garaietatik bagenekien eta. Protokoloan ere ikasten ahalegindu gara. Ez dut gogoan hasierako garai haietan protokoloari zegokionez inongo pirueta magikorik saiatu genuenik. Gerora bai, ahalegindu gara txapelketa amaierako ekitaldietan gonbidatu ditugunak oholtzan babesten. Geuk antolatutako ekitaldi batera geuk deitu diegu bidelagun izan ditugulako eta geurean anfitrioi onak izateak eskatzen du inor bakarrik ez uztea. Erantzukizuna horraino heltzen dela esango nuke. Mikrofonotik, eta antolakuntzaren izenean, milaka laguni zer egin behar duten eta zer ez esaten hasteak, pertsona horietako bakoitzaren askatasuna murriztea ekarriko luke batetik, eta bestetik lortu nahi zenaren kontrako efektua segur aski.
Nahiz Onintza Enbeitak azken urteetan ez duen sari-banaketa ekitaldietan Bilboko alkaterik edo ahaldun nagusirik parte hartzen ezagutu, nik baditut gogoan batzuk, oholtzan txistualdia entzundakoan modu desberdinean hartu dutenak. Izan da patxadan eta ironiaz hartu duenik eta belarri ertzera «zer egingo zaio ba! Hau gure soldatarekin batera dator!» bota izan digunik. Min hartutakorik ere izan da ordea. Gogoan dut Donostiako Belodromoan Imanol Muruak, ahaldun nagusi zela, txistualdia entzun eta ze erreakzio izan zuen. «Hi! Ni benetako bertsozalea nauk eh! Oraintxe botako niekek bertso bat mikrofonora joanda!». Ez zuen bota, nik uste bertsolaritzaren eta bere buruaren mesedetan. Hurrengo egunetan mahai baten jiran eta hitz-aspertuan goxatu genuen, duela 30 urte eta bere kabuz diru-partida auskalo nondik aterata, Foru Aldundiaren babesean ikastola eta ikastetxeetarako bertso-irakasle bat behar zela erabaki zuen gizonak merezi zuen hainbeste eta!
Min hartzen dutenen aldekoa naiz. Ulertu ezinik geratzen direnena, finean, fin ari direla uste dutela adierazten duelako. Horregatik jotzen dut naturaltzat Kutxa Fundazioaren gizarte alorrerako eta komunikaziorako arduradunak azaldu duen arrangura eta gogoetarako nahia. Naturaltzat jotzen dudan bezala, txistu jo nahi duenak txistu jo ahal izatea, eta jotzea. Izan zen beste kontu bat Illunben, egiazki berria, niretzat esanguratsuagoa eta luzera arrisku handiagoak ekarriko dituena: agintari batzuei txalo jo zitzaien. Eta horrek bai ez duela erremedio onik!
Plazatik
... maite zaituztet oraindik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu