Mantsoegi, dekretu herren baten eskutik

José Luis Segura
2015eko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Otsailaren hasieran, merkataritzan euskararen erabilpena bultzatu nahi duen (bermatu behar zuen) Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei Buruzko 123/2008ko Dekretuak izan duen eragina aztertu duen ikerketa baten datuak aurkeztu zituen Eusko Jaurlaritzak. Merkataritzaren arlo pribatuan, 2010ean indarrean sartu zen dekretu horren batez besteko betetze maila %22an dago. Finantza entitateak sailkapenean lehenak dira, %50arekin, eta supermerkatuak azkenak, %1 lotsagarriarekin; saltokiak, %6 urri bat; energiako enpresak, %7.

Oso emaitza eskasa da %22 hori, benetan etsigarria. Gainera, dirudien baino askoz urriagoa da benetako lorpena, dekretuak (herritar bezeroei gazteleraz zein euskaraz arreta ematera behartzen duena, ahozkoa, idatzizkoa, telefonoz, publizitatean...) ez baitio Euskadiko merkataritza osoari eragiten, interes orokorreko zerbitzuen hornitzaileei (energiako enpresak, telekomunikaziokoak, banka, garraio publikoa...) eta 15 langiletik gora edo 400 metro karratutik gora dituzten saltokiei baino ez; eta saltokien kasuan ez Euskadi osoan, soilik hiru hiriburuetan eta %33 biztanle elebidun duten udalerrietan.

Muga eta gabezia horiekin jaio bazen ere, merkataritzan euskararen erabilpena bultzatzeko («bermatzeko») legezko lehen saiakera serioa izan da Ibarretxeren Gobernuak sortu zuen dekretu hau, haren ezarpen eremuak eta eragina zabalduz joan zitekeen abiapuntu bat behintzat. Tamalez, euskaltzale askoren iritzian nahiko herren hasi ez ezik, Patxi Lópezen legegintzaldian ea erabat indargabetuta geratu zen dekretua: 2012ko otsailaren 9an, PSE, PP eta UpyDren botoekin, Eusko Legebiltzarrak dekretutik arau-hausteengatiko zehapenen atala kentzea onartu zuen.

Kontseiluak, Behatokiak eta EKA/OCUVek gogor kritikatu genuen erabaki hura batera zabaldutako prentsa-ohar batean. «Euskararen normalizazioan atzerapauso handi bat eman du Eusko Legebiltzarrak» zuen titulua. Idazki haren argudio edo mezu nagusia hauxe zen: «Legeak, edozein eremutan, agintzaileak eta hertsatzaileak dira berez: beharrak ezartzen dituzte eta horiek betetzen ez dituztenentzako zehapenak ere bai. Zigor atalik gabe, ezartzen dituzten beharrak betetzea borondatearen esku utzita, legeak ez dira lege, gomendio hutsak baino. Zehapenik gabe, paper busti bihurtuko da dekretua. Are okerrago, benetako betetzea eta benetako eragina izan zitzakeen beste dekretu bat ekiditeko baino ez du balio izango oraingo dekretu indargabetuak».

Denborak arrazoia eman digu. Horra hor aipatu emaitza. Hori ezagututa, Kontseiluak diagnostiko hura errepikatu du: «Argi geratu da dekretua, dagoen bezala, ez dela juridikoki baliozkoa hizkuntza eskubideak bermatzeko». «Isunik gabeko hizkuntza dekretu batek ez du balio».

Ildo berean, martxoan, EH Bilduk isunen atala berreskuratzea proposatu zuen banka, energia eta telekomunikazio arloetako enpresa handientzat. Berriro kale. Dekretua indargabetu zuten alderdiak, eta orain haiekin batera EAJ-PNV ere, zigorren aurka daude. Ez inposatu, ez galarazi da EAJ-PNVren printzipioa euskararen sustapenean. Polita da. Baina eraginkorra? Gai honetan, orain arte behintzat, oso gutxi. Dekretu (lege) batez ari garela gogoratu behar da, ez jarrera onetako kode edo borondatezko akordio bati buruz. Inork imajina lezake zigor atalik gabeko lege bat trafikoan, zergetan, lan-harremanetan, pertsonon edo ondasunen aurkako delituetan?

Jaurlaritza konbentzituta dago merkataritzan euskararen sustapenerako elkarlana eta pizgarriak (EKA/OCUV horrekin ados) direla bidea, bide bakarra. Eta hurrengo bi urtetan ahalegin horretan gogoz arituko dela iragarri du. Ea oraingo honetan denborak berari arrazoia ematen dion eta guri kendu. Ikerketaren balorazio batekin erabat ados gaude Eusko Jaurlaritzarekin: merkataritzaren arlo pribatuan (euskara erabiltzeko) faktorerik eraginkorrena bezeroen eskaera da. Eska dezagun ba euskaldunok euskara, euskaraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.