LAB, ELA, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuok Greba Orokorrera deitu dugu, 1.500 euroko gutxieneko soldata hemen erabaki nahi dugula eta soldatak hobetu eta aberastasuna banatu behar dugula eskatzeko.
Ipar Hegoa Fundazioak egindako txosten batean aztertu berri ditugu gutxieneko soldata propioa ez ezartzearen ondorioak. Datuak oso argiak dira, Estatuko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) ez da nahikoa Hego Euskal Herrian. Bost langiletik batek —240.000 pertsonak— 1.500 eurotik beherako soldata du. Argazkiak kolektibo bereziki zaurgarriak erakusten dizkigu; gero eta handiagoak dira arrakala matxistak, arrazistak edo adinagatikoak.
Soldata-arrakala ez da ez desagertzen, ez txikitzen. Lanaren banaketa sexuala bere horretan mantentzen da, 1.500 eurotik beherako soldata duten hiru langiletik bi emakumeak* dira. Soldatapeko emakume* guztien herena soldata-maila horren azpitik dago (eta horiei ordaindu gabeko zaintza-lanetan aritzen diren emakume* guztiak gehitu behar zaizkie, kontraturik ez dutenak). Lana antolatzeko modu diskriminatzaile horren ondorioak soldatetatik harago doaz, kontratu partzial gehienak emakumeentzat* dira, zaintza-lanak nagusiki emakumeentzat* dira, eta ordaindu gabeko zaintza-lanak ez dira sortutako aberastasunean kontabilizatzen.
Lan-harremanen zentralizazioak beherantz berdintzen ditu soldatak, eta erraztu egiten du aberastasunaren banaketa desegoki eta bidegabea. Gutxieneko soldata Espainiako Estatukoa baino handiagoa ez izateak ekarri du soldatek BPGrekiko gero eta pisu txikiagoa izatea, hiru puntu txikiagoa azken hamabost urteetan. Espainiako Estatuan eta Europako beste herrialde batzuetan joera kontrakoa da. Errealitate horren onuradunak enpresa industrialak izan dira batez ere, azken urteotan, beren irabaziak inflazioa baino askoz gehiago hazi dira. Soldatek, aldiz, erosahalmena galdu dute, eta borroka sindikal luze eta gogorren ondoren eguneratzen dira.
Aldarrikapen estrategikoa da gure gutxieneko soldata erabakitzeko gaitasuna izatea, are gehiago krisi sistemikoaren testuinguruan. Munduko ordena aldatzen ari da eta geopolitikaren joko-arauak hautsi dira, langile-klasearen eta herrien burujabetzaren kaltetan.
Klaseen arteko borroka inoiz baino biziagoa da. Klase-kontzientzia eta klase-elkartasuna indartzeko unea da. Hori da, hain zuzen ere, grebaren ekarpen nagusietako bat: pobretzea, prekarizazioa eta faxismoaren gorakada gelditzeko modua da greba orokorra
Olatu erreakzionario batek zeharkatzen du mundua. Langileria espoliatzen jarraitzen du, emakumeen* eta pertsona migratuen eskubideak urratzen ditu eta krisi klimatikoa ukatzen du. Sistema gero eta prekarizazio handiagoa eragiten ari da, eta horren ondorioekin ere badu lotura faxismoaren gorakadak. Hainbat errealitate sozial elkarren aurka jartzetik elikatzen da faxismoa, zaurgarria are zaurgarriagoaren kontra jarrita.
Horregatik, gaur inoiz baino garrantzitsuagoa da bokazio eraldatzaile argia duen klase-sindikalismoari ekitea, langile-klase osoaren beharrei erantzungo dien sindikalismo feminista eta antirrazista bultzatzea. Klaseen arteko borroka inoiz baino biziagoa da. Klase-kontzientzia eta klase-elkartasuna indartzeko unea da. Hori da, hain zuzen ere, grebaren ekarpen nagusietako bat: pobretzea, prekarizazioa eta faxismoaren gorakada gelditzeko modua da greba orokorra.
Greba Orokorrera deitu dugun sindikatuok hainbat bidetatik saiatu gara gutxieneko soldata propioa ezartzen. Patronala eta gobernuak eskutik helduta joan dira. EAJk, PSEk eta PSNk, Confebaskekin eta CENekin batuta, harresi bikoitza eraiki dute negoziazio kolektiboaren bidea eta bide instituzionala ixteko. Greba Orokorra nahitaezko erantzuna izan da itxikeria horren aurrean.
Deialdia bera pitzadurak sortzen hasi da harresi bikoitz horretan. Patronalak Gobernuaren teilatura botatzen du pilota, «LGSa gai politikoa da» dio. Aldi berean, Gobernuak bueltatu egiten dio: «negoziazio kolektiboa da bidea». Hori bai, betiere ekidistantziari eusten saiatuz, justifikaezina dena, negoziazioari uko egin dion patronala eta negoziatzeko prest agertu garen sindikatua neurri berean interpelatu baikaitu.
Pitzadura horiek Greba Orokorraren deialdiari esker izan dira posible. Zer eragin izango du Greba Orokor sendo eta arrakastatsu batek? Egun horretan langile bakoitzak egiten duen ahaleginak gauzak aldatzen lagunduko du.
Hemen ez da ezer bukatu. Patronal esplotatzaile eta harroputz bat dugu aurrean, baina lehenago edo geroago negoziazio-mahai batean esertzera behartuko dugu. Posible da Gai Zehatzeko Akordio Marko bat negoziatzea lan-harremanetarako gutxieneko soldata bat ezartzeko EAEn, eta beste bat Nafarroan. Hori ondorioztatzen dugu Confebasken aurka jarri genuen demandari erantzunez EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaitik.
Posible da eskuduntzak eskuratzea legezko estaldura emateko eta hemen LGS propioa erabaki ahal izateko, Langileen Estatutuaren 27. artikulua aldatuz LGS propio bat erabaki ahal izateko gaitasunak lor daitezke. Parlamentuetan, EAJ eta PSE-PSNk eztabaida ukatu nahi izan dute, eta herri ekimen legegilearen aurrean jarrera antidemokratikoa erakutsi badute ere, beste talde batzuek lege proposamenak egin ditzakete. Nafarroan dagoeneko erregistratu dute EH Bilduk eta Geroa Baik. EAEn aukera hori mahai gainean dago. Madrilera egindako bidaiatik ondoriozta dezakegu gai hori Espainiako Diputatuen Kongresura iristeko benetako aukerak daudela.
Martxoaren 17an hitzordu garrantzitsua dugu. Lan-zentroak hustuko ditugu eta kaleak beteko ditugu. M17a izango da Patronalak eta Gobernuak altxatutako harresiak botako dituen olatua. Lortuko dugu.