Iaz auto-istripu bat izan nuen. Aldundiaren errepidea izanik, Ertzaintzari dagokio errepide horretako gertakarien arta. Iritsi ziren ertzainak eta jator aritu ziren nirekin. Edo nire bertsio xokeatua zen horrekin.
Gero hasi ziren peripeziak. Ospitaleko urgentziak, lan-bajak, aseguruak eta atestatua lortzearen odisea. Ibili nintzen toki batetik bestera, baina auskalo zergatik —badakit zergatik— indarrak atera nituen oinazetik, eta nazkatu bai, baina ez nuen etsi batetik besterako bide errari horretan.
Atestatua lortuta, hasi nintzen irakurtzen eta iritsi nintzen bertaratu ziren polizia-agenteen arabera istripuaren arrazoi posibleen atalera. Bi aukera zeuden: bata, errepidearen egoera; bestea, gidariaren esperientziarik eza.
«Akabo! Hau ere ba al dugu?», pentsatu nuen. Ordurako nire barruko señora pixka bat agertzen hasia izango zen, mindua sentitu bainintzen nire bizitza automobilistikoa zalantzan jartzera ausartu zirelako.
Atestatuaren arabera esperientziarik gabeko gidari horrek bi aldiz berritua zuen ordurako gidabaimena eta egunero pasatzen da errepide horretatik gutxienez bi aldiz, etxerako errepide bakarra hori delako.
Ondotik, beste bi istripu izan dira toki berean. Ez dakit haien atestatuetan ere inesperientzia jarri ote duten kausa posible bezala, edo lagun batek esan zidan bezala: «Gizona izan bazina, ez zuten hori idatziko. Ezta L bat zintzilik bazenu ere».
Eta akaso hala da. Emakumea beti delako gizon inesperentziadun bat. Akabo! Hori ere ba al dugu?